GARA Euskal Herriko egunkaria
SOKATIRA Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketa

Abadiño eta Ibarra izan dira Idiazabalgo saioko onenak

Bizkaitarrek mutilen 640koa irabazi zuten, eta gipuzkoarrek nesken 540koa.


Abadiñok mutilen 640koan, eta Ibarrak, nesken 540koan, irabazi zituzten herenegun arratsaldean Idiazabalen jokatu ziren bi finalak. Abadiñok irabazi egin ditu orain arte mutiletan amaitu diren bi lehiaketak.

Ñapurrak izan zen 640ko ligaxkako onena, eta hor Abadiño nahiko ezkutuan pasatu zen. Ligaxkak, ordea, finalean zein izango diren jakiteko bakarrik balio izaten du, eta garbi zegoen han bosgarren amaitu bazuten ere, bizkaitarrak kontuan hartu beharko zirela, eta ez zuten hutsik egin, txapela jantzi egin baitzuten.

Bigarren postua izan zen Ibarrarentzat. Gipuzkoarrek azken saio dotorea egin zuten, eta zilarrezko domina lortzeko balio izan zien, behintzat. Lehen fasean onena izan zen Ñapurrak taldeak osatu zuen podiuma. Ezpeletakoak oso indartsu agertu ziren lehen fase horretan, baina txapela erabakitzen zen egunean hirugarren postuarekin geratu ziren. Atzetik, Murueta, Nabarniz eta Sokarri sailkatu ziren. Azken talde hau, gainera, kanporatua izan zen.

Nesken 540 kilokoan hiru jardunaldiko ligaxka jokatzen da, eta azkenekoa izan zen herenegun Idiazabalen. Azken saio honetara berdinduta iritsi ziren Ibarra eta Gaztedi, baina saio erabakigarrienean, gipuzkoarrak gailendu ziren, eta haientzat izan zen txapela. Atzetik, Gaztedi, Badaiotz eta Bizindar sailkatu ziren.

Atzo, berriz, 600 kilokoa jarri zen abian. Hemen ere, lehenengo bi jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta gero sei onenek lortuko dute finalerako txartela. Abadiño izan zen atzoko onena. Atzetik, Sokarri, Ñapurrak A, Iparralde, Murueta, Ibarra, Ñapurrak B, Txantrea, Nabarniz eta Lagun Onak sailkatu ziren. Pisu honetan Abadiñok hasieratik erakutsi nahi izan du txapela lortzeko faborito nagusia zein talde izango den.