FEB. 05 2014 Nafarroako 60 bardo bertsolarik Lesaka izango dute jomuga ostiraletik apirilaren 12ra arte GARA IRUÑEA Bigarren urtez egingo da Bardoak Nafarroako taldekako bertso ekimena, eta ostiral honetan hasita, 23 saio izango dira, Lesakako frontoian apirilaren 12an ospatuko den finalera bitartean. 110 parte-hartzaile izango dira guztira, horietatik 60 bertsolariak, 2012an baino bederatzi gehiago, 16 taldetan banatuta, «inoizko kopururik handiena», azaldu zuten Nafarroako Bertsozale Elkartekoek. Talde bakoitza gutxienez bost kidek osatuko dute: hiru bertsolari, gai-jartzailea eta taldeko ordezkaria. Bost ligaxkatan banatuta ekingo diote lehenengo faseari, sei talde pasatuko dira bigarren fasera eta finalera hiru iritsiko dira. «Orain dela bi urte Nafarroako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatu zuen Bardoak taldekako txapelketa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ez den urteetan egiteko asmoz. 2012koa oso esperientzia emankorra izan zen eta bi urte beranduago helburu berdinekin dator bigarrena: bertsolaritza beste modu batera landu, bertsolari eta bertsozaleen harrobia berritu, bertsolaritza gune berrietara zabaldu eta horretaz gozatzeko aukera berritzailea eskaini», adierazi zuten. Asteburu honetan sei saio ospatuko dira. Ostiralean Lesakako Linddurrenborda sagardotegian bertso-saioa, Zubietako estalpean bertso-merendua, Erratzuko Zubipunta ostatuan bertso-merendua eta Arbizuko Argibide elkartean bertso-saioa. Larunbatean, berriz, beste bi: Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean bertso-merendua eta Txantreako Auzotegi kultur etxean bertso-merendua. Informazio gehiago www.bertsozale.com webgunearen barruan sortu den atalean agertuko da. Araban ere martxan Arabako Kuadrilla artekoa, berriz, pasa den asteburuan abiatu zen, Legution eta Gasteizen. Asteburu honetan, Gasteizko Landatxo elkartean, merendua izango da eta ondoren idatzizko modalitatean Gasteizko Lehiotik at! taldea arituko da. Bat-bateko taldeak Bertxotxoak-Gasteiz eta Unibertsolariak-Aramaio izango dira. Larunbatean bazkaria egingo dute, Izarran, Behekoiturri elkartean. Urkabustaizko Gazte Asanbladak kantatuko du idatzizko sorta bat eta Urkabustaiz eta Aguraingo Sorginetxe taldeak arituko dira bat-batean.