FEB. 11 2014 afizionatuak Iparraldeko taldea, GRAVN txapelketan aurrenekoz Euskadiko Federazioaren zuzendaritza talde berriaren ekimenez, lehiaketak sei selekzioren parte-hartzea izango du aurten, Bidasoaz bestaldeko pilotariak ere arituko baitira nor baino nor lehenengo aldiz. Asier AIESTARAN Gero eta gutxiago falta da 2014. urteko federazioen arteko GRAVN txapelketari hasiera emateko, eta aurtengo ekitaldia berrikuntza nagusi batekin dator. Izan ere, orain artean lehiakide ziren Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Errioxako selekzioei Iparraldeko pilotariz osatutako selekzioa ere gehituko zaie. Beste era batera esanda, orain arte GRAVN izenez ezagutzen zena -taldeen erdarazko izenetik lehen hizkia hartuz-, GRAVNI izatera pasatuko da. Euskadiko Pilota Federazioko zuzendaritza talde berriaren ekimenez sortu da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako pilotariek ere afizionatu mailako lehiaketa entzutetsuan parte hartzeko aukera. «Euskal Herriaren parte» direla argi izan, eta lehiaketatik «baztertuta» egotea «pena» zela iritzita, lanean ipini zen Patxi Jauregi buru duen zuzendaritza taldea. Iparraldeko pilotarien erantzuna ere oso ona izan zen. «Hasieratik oso inplikatuta» «Beraiekin kontaktuan jarri ginen eta hasieratik gustatu zitzaien ideia. Hasieratik oso inplikatuta egon dira eta ez digu lan gehiegirik suposatu. Beraiek ere gogotsu daude», dio Unai Legarretak, kirol arloko arduradunak. Gainera, eta pentsa litekeenaren kontra, ia jokamolde guztietan parte hartzeko moduan daude Iparraldeko ordezkariak. Konkretuki, pala luzea, emakumezkoen paleta eta erremontea izan ezik, beste guztietan taldea aurkezteko asmoa dute, eta gainera jokamolde berri bat ere gehituko da lehiaketara: ezker pareta eta trinketa nahasten dituen joko-garbia, hain zuzen ere. «Ilusioz hartzen dugu erronka hau. Apustu sendoa izango da, nahiz eta badakigun zenbat eta partaide gehiago izan antolakuntza ere konplexuagoa egiten dela», onartu du Patxi Jauregi presidenteak, urtarril bukaeran Donostiako Atano III.a pilotalekuan egindako bileran, Iparraldeko ordezkariak ere bertan zirela, beste herrialdeetako federazioetako kideek inolako arazorik ez zutela jarri argituz. Egutegiari dagokionez, eta izena emateko epea ostiral honetan amaitzen den arren, aurreratu daiteke lehiaketa martxoaren 15eko asteburuan hasiko dela. Bost jardunaldi izango ditu eta astebeteko atsedena ere izango dute taldeek -kontuan izan behar da lehen, bost talde izanik, batek atseden izaten zuela derrigorrez-. Iparraldeko selekzioak orokorrean izan dezakeen mailaz galdetuta, Unai Legarretak argi du «talde indartsua» izango dela, kontuan hartu beharrekoa. «Badakigu azken urteetan Nafarroa irten izan dela ia beti faborito moduan, eta aurten ere hala izango da seguru asko. Baina Iparraldeko selekzioa ere maila onean ibiliko dela iruditzen zait», azaldu digu. IA MOLDE GUZTIETAN. Ia jokamolde guztietan parte hartzeko moduan daude Iparraldeko ordezkariak. Konkretuki, pala luzea, emakumezkoen paleta eta erremontea izan ezik, beste guztietan taldea aurkezteko asmoa dute, eta gainera jokamolde berri bat ere gehituko da lehiaketara: ezker pareta eta trinketa nahasten dituen joko-garbia.