GARA Euskal Herriko egunkaria
Urrezko aizkora

Larretxea eta Etxeberria finalean dira jadanik


Donato Larretxea eta Felix Etxeberria beteranoena izan da Urrezko Aizkorako finala jokatzeko sailkatu den aurreneko bikotea, atzo Mendaron Iñaki Azurmendiri eta Unai Otañori irabazita.

Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta hor ekin zioten nafarrek aldea ateratzeari. 30ean bota zuten enborra, eta seiren aldea lortu zuten. Bigarren lanean, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor gipuzkoarrek aurka zuten aldea laburtu zuten, 44 segundoan bota baitzuten enborra, eta Larretxeak eta Etxeberriak lau gehiago behar izan zituzten.

Hirugarren lanean, bakoitzak zutik jarritako kanaerdiko bat erdibitu behar izan zuten, eta aldea egin zuten beteranoek. 2.06 izan zen beraien denbora eta Azurmendik eta Otañok, berriz, 40 segundo gehiago behar izan zituzten.

Laugarren lanean bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, bikote bakoitzeko kideak bana, eta berriro ere beteranoak izan ziren onenak. Etxeberriak eta Larretxeak euren lana amaitzeko 3 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten, eta beste bi segundoko aldea atera zuten.

Bosgarren saioan, bikote bakoitzak zutikako 45 ontzako enborra ebaki behar zuten eta etzaniko kana-erdiko bat. Hemen ere kide bakoitzak enbor bat bota behar zuen. Berriro ere nafarrak gailendu ziren, beraien lana 2 minutu eta 54 segundoan burutu baitzuten, eta beste zazpi segundo lortu zituzten. Horrela, iraupen probara ia minutu bateko aldearekin heldu ziren bi aizkolari nafarrak

Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten, eta hori gipuzkoarrek irabazi zuten. 13.45eko denbora egin zuten eta nafarrek, berriz, segundo bat gehiago behar izan zuten.

23 minutu eta 22 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Etxeberriak beraien lanak amaitzeko, eta 24 minutu eta 12 segundo, berriz, Azurmendik eta Otañok.

Zilarrezkoa

Zilarrezko Mailan, berriz, Kañamares III.ak eta Jauregik lortu zuten finalerako geratzen zen azken txartela, Beizaman jokatu zen finalerdia irabazi ostean, Eneko Otañoren eta Eneko Saralegiren ordez aritu zen Ruben Saralegiren aurka. Saio dotorea eskaini zuten bi bikoteek, eta azkenean 29 segundok erabaki zuten auzia, eta hori iraupen proban gertatu zen. Horretan galtzaileek ez zuten enborrekin ere zorte handiegirik izan. Kañamaresek eta Jauregik 14 minutu behar izan zituzten lan guztiak burutzeko, eta 14 minutu eta 29 segundo, berriz, Otañok eta Saralegik. Aurrez, Daniel eta Iker Vicente eta Aratz Mugertza eta Mikel Larrañaga ere sailkatuta zeuden finalerako.