MAR. 10 2014 Hawaiira bidean da Fukushimako erradiazioa Ikerketa baten arabera erradiazioa Ipar Amerika eta Hawaiiko kostaldeetara iritsiko da datorren apirilean. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA AEBetako eta Hawaiiko surf elkarte eta ingurugiro agentziak alerta gorrian daude. Izan ere, Vincent Rossi zientzialariak garatu duen eredu zientifiko baten arabera, Fukushima Daiichi zentral nuklearreko arrastoak Ozeano Bareko uretara iritsiko dira apirilean. Espainiako IFSC Sistema Konplexu eta Diziplinarteko Fisikako Institutuko ikerlari Vincent Rossiren arabera, erradiazio aztarnak Alaska eta Kanadako kostaldeetara iritsiko dira lehenik, eta, ostean, korronteekin batera, beherantz egingo du kutsadurak. Kuroshio izeneko korronte indartsu baten ondorioz gertatuko da hori. Ur-laster ahaltsua Japoniatik abiatu eta Ozeano Barean zabaltzen ari da. Amerika iparraldea zeharkatu ostean, berriz, korronteak Hawaiiko bidea hartuko du adituaren arabera errebote modura. Hala ere, kutsadura nahiko apala izango da hasiera batean. Oraingoz, AEBetako Ingurumen Sailak ezarria duen mugaren azpitik egongo litzateke aipatu kutsadura maila. Hori, baina, ez dago ziurtasun osoz jakiterik. Ken Buesseler Woods Hole Oceanographic Institution erakundeko itsas-kimikariak horrela laburbildu du egoera: «Azterketen emaitzek kutsadura maila hain baxua adieraztearen arrazoi nagusia oraindik ere zutabe nagusia ez dela gure artera iritsi da. Aldiz, iristear da, eta iristen denean ikusiko dugu egoera zein den». Uneotan ez dago Ozeano Barean zabaltzen ari den Fukusimako erradiazio maila aztertzen ari den AEBetako edo mundu mailako agentziarik, ezta bat bera ere. Hainbat erakunde ekologistek gogor kritikatu dute hori. Egoera ikusita, zenbait lekutan dirua bildu eta kostaldean kutsadurak izan dezakeen eragina ikuskatzeko asmoarekin elkartu dira udalak. Esaterako, Ocean Shores, Mendocino, Point Reyes, Santa Monica eta La Jolla herrien artean nahikoa diru bildu dute jada uraren kutsadura mailaren azterketak ordaintzeko. Kontuan izan behar da, gainera, azterketok ez direla batere merkeak: 550 dolar balio ditu lagin bakoitzak.