MAR. 10 2014 Ukrainan badira olatuak Krimeako penintsulan Itsaso Beltzean eta Azoveko itsasoan surf egiteko lekuak daude. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Azkenaldian maiz izan dugu Ukraina eta bertako penintsula den Krimearen berri, istiluak gora eta behera, jakin-mina sortzen da halakoetan: ba ote da surf egin ahal izateko olaturik inguru haietan? Bai, badira olatuak, eta, gainera, Krimea bera da Ukrainako lekurik hoberena surf egiteko. 44,6 milioi biztanle eta 2.782 kilometroko kostaldearekin Europako bigarren herrialde handiena da Ukraina. Klima kontinentala du, beraz, negu oso hotzak eta uda oso beroak ditu. Ukrainan surf egiteko leku bakarrak Azoveko itsasoan eta Itsaso Beltzean aurki daitezke. Hala ere, leku hoberena Krimeako penintsula da dudarik gabe; bertan aurkitzen da Ukrainako surflari komunitate bakarra. Ez dira surflari asko, baina azken urteetan indarra hartu dute, eta, hala, baldintzak egokiak direnean elkarrekin itsasoratzeko biltzen dira. Krimeako penintsulak Ukrainako kostaldea zatitzen du bitan, mendebalde eta ekialde. Klima subtropikala du Krimeak eta oso leku hezea da, baina, esan bezala, Ukrainako leku hoberena da surf egiteko. Ukrainatik iristen zaizkigun ohiko irudiak ikusita, elurra eta hotza baino egiten ez duen lekua dela pentsa dezakegu, baina ez da beti horrela. Esate baterako, Krimean uraren batez besteko tenperatura 22 eta 25 gradu artekoa da, alegia, udan Euskal Herrian izaten dena baina dezente beroagoa.