MAR. 23 2014 DEIA | Rikardo Arregi, 2014/3/17 Argazki nafar bat Rikardo Arregi Pasa den asteburuan argazki bat ibili da hedabide arrunt eta modernoetan hautsak harrotzen. (...) Ikusi nuen lehen aldian zuri-beltzean zetorren eta, zinez, zaila zitzaidan 1954koa, adibidez, edo 2014koa zen igartzea: apaizez jantzitako apaiz bat, goardia zibilez jantzitako goardia zibil bat, gizon gorbatadunak eta emakume bat; guztiak aitaren egiten ari dira lurrari begira, ehorzketa errito bat ematen du. (...) Harrituta bi pertsona indentifikatu nuen: Yolanda Barcina presidente nafarra eta Fernández Díaz Espainiako Barne Arazoetarako ministroa. Koloreetan ikusi dut geroago argazkia, baina koloreek ez diote kutsu zaharrunoa kendu. Argazkia Fiteron (nire buruak monasterio eta bainuetxeekin lotzen du Fitero) goardia zibilen kaserna berri bateko lehen harria jartzearen ekitaldian atera dute. (...) Asko idatzi da Nafarroaz azken asteotan, baina Juan Kruz Lakastak esan duenez, zertarako idatzi gehiago argazki horiek egoeraren laburpen perfektua baldin badira: eliza katoliko erromakoa eta bere talde siniestroenetako bat, Opus alegia, goardia zibilak, politikariak, hau da, botere politiko, militar eta erlijiosoak harmonia ederrean baturik aitaren egiten Nafarroa foral eta espainolaren izenean. Zertarako asmatu denbora-makina, Nafarroa hortxe bertan baldin badugu? Bai, ados, nik ezagutzen ditudan nafar gehienak ez dira horrelakoak, eta bada beste Nafarroa bat txapelokerrek, ustelkeriek eta intsentsuak itota. Norbaitek argazkia hurrego hauesteskundeetarako afixa bezala erabiltzea proposatu du, ideia ona iruditzen zait.