MAR. 27 2014 ANTZERKIA Leioako Umore Azokak 45 ikuskizun bilduko ditu, 16 estreinaldi tartean Leioako (Bizkaia) Umore Azokaren hamabosgarren edizioak 45 ikuskizun bilduko ditu maiatzaren 15etik 18ra, horien artean 16 estreinaldi, eta profesional gisa parte hartzeko izena emateko epea gaur irekiko da, Nazioarteko Antzerki Egunarekin batera, hain zuzen ere. Gaurko eguna ospatzeko, Bilbon 12.00etan Izaskun Agirresarobek eta Barbara Govanek Brett Bailey hegoafrikarraren manifestua irakurriko dute Arriaga plazan. Donostian, berriz, Tartean Teatroko Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek aurtengo Donostia Antzerki Saria jasoko dute, 20.00etan, Victoria Eugenia antzokian, «Lingua Nabajorum» lanagatik. Bihar arratsaldean, bestalde, Ramon Bareari omenaldia egingo diote Bilbao Eszenan.