APR. 07 2014 Europarrak bagina Irailean irekiko da lehen aldiz Kalifornian surfaren unibertsitatea. Irakasleak luxuzko gonbidatuak izango dira; surf izarrak eta surfaren kondaira biziak. Surflari Ernegatuak, esaterako, egun horretan ez luke pasa den astean goitik behera sinetsi zuen sasi albistea euskarara itzuliko. Hori, noski, Hegoaldeko euskaldunak ere europarrak bagina. SURFLARI ERNEGATUA Kaliforniako La Jolla hirian surfaren unibertsitatea irekiko da 2014ko irailean. Olatuen nabigazioarekin zerikusia duen oro ikasgai izango da eta irakasleak luxuzko gonbidatuak izango dira; surf izarrak eta surfaren kondaira biziak. AEBetan 2,5 milioi pertsona inguruk egiten dute surfa. Kirol honek bere sustraiak ongi atxikiak ditu Ipar Amerikan, bereziki munduko surf gune garrantzitsuenetako bat den Kalifornian. Ez da harritzekoa, beraz, aurrerantzean San Diego izatea etorkizuneko ikasleek haien graduondoko diplomak jasotzeko aukeratu beharko duten hiria. Fernando Aguerre International Surfing Association erakundeko lehendakaria dekano izendatu dute surfaren unibertsitatean, eta pozarren agertu da. «Guretzat ohore bat da surfaren unibertsitatea La Jollan izatea, San Diegotik gertu», esan du argentinarrak. «The University of Surfing» proiektuak, surfaren industrian indar gehien duten lau enpresen babesa du; alegia, Quiksilver, Rip Curl, Billabong eta O'Neill. Surflari ezagun asko izan dira gonbidatuak haien esperientziaren berri emateko. Kelly Slater, Mark Richards, Shaun Tomson, Shane Dorian, Garrett McNamara, Laird Hamilton, Stephanie Gilmore, Jim Moriarity, Bethany Hamilton, Matt Warshaw, Mike Stewart eta Maya Gabeira dira jada haien parte hartzea baieztatu dutenak. «Managing Stress in High Performance Environments» izango da Kelly Slaterrek emango duen ikasgaia. Alegia, errendimendu altuko ingurunean estresa nola gobernatu irakatsiko du hamaika bider munduko txapeldun izan denak. «Kirol bat baino, surfa kultura desberdinen arteko sukatilua izan da. Surfaren industrian dagoen orok ikasi egin behar du, estudiatu, egun egiten duguna baino gehiago egin eta garatu ahal izateko. Etorkizuneko belaunaldiek behar bezala prestatuta egon behar dute surfa bide distiratsuetatik gidatzeko», esan zuen Slater maisu eta surflari bikainak. Izena eman nahi duten ikasleek AEBetan goi mailako irakaskuntzan matrikulatzeko eman behar diren ohiko pausuak jarraitu beharko dituzte. Halako kasuetan ohikoa den moduan, gomendio gutunek eta goi mailako ikasketetan lortutako nota onek onartua izateko aukerak handiagotu ditzakete. Eta noski, baita eskupeko nahiz mahaipeko mesedetxoek ere. Honakoa, pasa den asteartean irakurri nuen albistea izan zen. Ikastolan ikasitakoa naizenez, Euskal Herrian hizkuntza ofizialak hiru direla edo Saseta eta Txikia nor ziren ikasi ez nuen modu berean, Ipar Euskal Herrian Inuzente Eguna apirilaren 1ean izaten dela ere ez nuen ikasi. Ez nekien antzeko egunik bazenik ere. Hego Euskal Herrian jaio beharrean, gorago, Europa aldean jaio izan bagina, mundu anglosaxoiak dituen ohituren berri izango genuke, eta Surflari Ernegatuak, esaterako, egun horretan ez luke pasa den astean goitik behera sinetsi zuen sasi albiste hau euskarara itzuliko. Hori, noski, Hegoaldeko euskaldunak ere europarrak bagina.