GARA Euskal Herriko egunkaria

Ez gaude zerrendan

Munduko ISA Junior txapelketan 32 herrialdek hartu dute parte. Zerrendan ez dira Turkia, Maroko edo Espainia bezalako herrialdeak ageri eta batzuk oraindik harritu egiten dira. Zergatik ezin dugu euskaldunok ere euskaldun gisa parte hartu? Ba arrazoietako bat garbia da. Oraindik begiak Madrilen iltzatuak ditugulako, eta ez gero eta txikiagoa den mundu zabalean.


Badakit beti kontu berdinekin natorrela, jada batzuk aspertzen ere hasiak zaretela, baina ezinezkoa zait isilik geratzea, nire borondate degeneratua ezerezten duen indar boteretsu batek gainditzen nau. Gaurkoan ere, Hego Euskal Herriko biztanleok dugun zoritxarraren zaurian oraindik eta gatz gehiago botatzera noa.

Tesia betikoa da, herrialde ere ez den monarkia bananazale batek menderatu gintuen egunetik, atzera egiteko baino beste biderik ez zaigu geratzen, baldin eta gu geu gure kabuz ibiltzen hasten ez bagara, eta horretarako, lehenik, aurrez ezarriak ditugun ereduak ahaztu behar ditugu.

Gogorra da onartzea, batez ere, gauzak nahasteko joera, ohitura baino gaitz patologikoa denean, baina diagnosi erreal bat mahai gainean jarri ezean ez da aurrera begira egin beharreko urratsetan asmatzeko modurik. Edo gu baino aurreratuagoak dauden ereduak aztertzen hasten gara, edo ezarri diguten eta erresistentzia handirik egin gabe barneratu dugun ereduarekin jarraitzen dugu.

Pasa den apirilaren 13an amaitu zen ISA erakundeak junior kategorian antolatzen duen herrialdeen arteko surf txapelketa. 32 herrialdetako ordezkariek hartu zuten parte Ekuadorren eta guztira 400 kidetik gora bildu ziren lehiakide eta talde-zuzendarien artean. Azkenean, Hawaiikoa izan zen puntu gehien bildu zituen taldea.

Hego Euskal Herriko surflariak ez ziren han izan. Batzuk, garai batean federazio espainiarrarekin urrats sendoak egin zitzaketela sinetsi zutelako. Besteak, aurrekoek egindako sasi apustuari esker, Euskal Herriko Federazioa neutralizatuta, parte hartzeko aukerarik gabe geratu zirelako.

Munduko junior txapelketan parte hartu zuten herrialdeen zerrenda bitxia da: Argentina, Brasil, Ekuador, Guatemala, Japonia, Portugal, Suedia, Uruguai, Australia, Kanada, Frantzia, Hawaii, Mexiko, Puerto Rico, Suitza, AEBak, Austria, Txile, Alemania, Irlanda, Zeelanda Berria, Errusia, Tahiti, Venezuela, Barbados uharteak, Costa Rica, Ingalaterra, Trinidad eta Tobago , Italia, Peru, Hegoafrika eta Gales.

Itsasorik gabeko zenbait aberri, herrialde txiroak diren fama astuna soinean daramaten beste zenbait herri, eta batez ere, maila eskasa izan arren, beren ordezkari gisa zenbait surflariri parte hartzeko aukera zabaldu dieten nazio batzuk. Zerrendan ordea, ez dira Turkia, Maroko edo Espainia bezalako herrialdeak ageri eta batzuk oraindik harritu egiten dira.

Tahitiarrak frantsesen mende daude, Hollande jauna da haien presidentea, baina beren uharteetako bandera ordezkatzen parte hartzeko aukera dute. Hawaiiarrak berdin. AEBetako presidentea da haien presidentea, aberkidea gainera, Obama, Honoluluko semea baita. Beraz, zergatik ezin dezakegu euskaldunok euskaldun gisa parte hartu? Ba arrazoietako bat garbia da. Gero eta txikiagoa den mundu zabalean begiak iltzatu beharrean, Madrili begira jarraitzen dugulako.