APR. 27 2014 TXOKOTIK Marianitoaren ordua Iker Bizkarguenaga Kazetaria Bilboko Plaza Barria aukeratu zuen EAJk Aberri Egunaren ospakizunetarako. Ohi bezala. Eguerdian jarri zuen hitzordua. Ohi bezala. Eta ohiturez ari garenez, ezin ahaztu igande eguerdia marianitoaren ordua izaten dela -«marianito Rajoy», Antonio Basagoitik lankide bati eta niri brometan esan zigun bezala- herri honetako txoko gehienetan. Eta zer esango dizuet, nahiko nuke giro orditu horrek azalduko balitu Ortuzarrek, Urku- lluk eta enparauek esandakoak. Nekez ulertzen da, bestela, alderdi abertzale bateko buruzagi nagusiak adieraztea ETA dela Euskal Herriak (edo Euskadik, edo Euzkadik) inoiz izan duen etsairik handiena. Uler daiteke EAJko presidenteak iriztea eta esatea erakunde armatuak herri honi mesede baino kalte handiagoa ekarri diola, hori esan baitute bera baino lehenago Sabin Etxean eseri diren agintari jeltzaleek -#marcaPNV-; eta hauteskunde bezperan gauden honetan, ulergarria izan liteke Ortuzarrek ETA etsaitzat jotzea. Baina, aizue, herri honek inoiz izan duen etsai nagusia? Asko esatea da hori, pinuak baino etsai gehiago dituen nazio batentzat. Franco baino etsaiago? Gaztelako erreinua baino etsaiago? Espartero baino etsaiago? Txapelokerrak baino etsaiago? Kondor Legioa baino etsaiago? Ziur nago EAJren ekitaldian zeuden atso eta agureen artean baten batek bertatik bertara ikusi zuela faxistek nola erre eta eraitsi zuten Gernika, atzo bezalako egun batean, duela 77 urte. Eta ez dut uste eurek pentsatuko dutenik ETA dela herri honek inoiz izan duen etsai handiena. Baina berbaldiak aurrera egin zuen, eta Ortuzarrek gaineratu zuen ezker abertzaleak bere ibilbideagatik autokritika publikoa egin behar duela EAJrekin elkarlanean aritu nahi badu. Duela urte batzuk, ez horrenbeste, ETAren jarduera armatuak elkarlana eragozten zuela, eta hura bukatutakoan dena posible izango zela esaten zuten. Baina, armak isildu ziren eta orain penitentzia eskatzen dute. GAL sortu zutenei eta Francoren oinordekoei, herri honen erabakitze eskubidea ukatzen dutenei, ez diete halakorik eskatzen «herri akordioak» sinatzeko. Ulertzen dut zaila dela Aberri Egunean aitortzea Alderdiaren helburua PSOErekin eta PPrekin estatus -zer da hori?- berria hitzartzea, eta aitzakiaren bat saldu behar zaiela aurrean dauden alderdikide abertzaleei. Baina hurrengoan, agertokira igo baino lehenago, jan dezatela behintzat kroketa pare bat. On egingo dizue, eta ondo etorriko zaigu.