GARA Euskal Herriko egunkaria

Sardexka hobeto

Zientzialariek egin duten azterketaren arabera, atzamarrak modu egokian bananduta arraun eginda indar handiagoa egiten da, eta, ondorioz, abiadura handiagoa lortzen da. Ni, badaezpada ere, hatzak apur bat bananduta arraun egiten hasi naiz dagoeneko, eta, gezurra badirudi ere, sen onaren kontra... funtzionatzen du! Sardexka hobe koilara baino.


Frantziako Tolosa hiriko unibertsitatea, AEBetako Duke unibertsitatea, eta Pretoria unibertsitate hegoafrikarra elkarlanean aritu dira azterketa zientifikoen bidez gure sena oker dagoela frogatzeko. Lortutako emaitzak harrigarriak izan dira, eta, beste eztabaida bat izan arren, zientzialariek dioten guztia aintzat hartu behar ote denaren galdera gailentzen da.

Azterketaren arabera, atzamarrak modu egokian bananduta arraun eginez gero indar handiagoa egiten da, eta, ondorioz, abiadura handiagoa lortzen da. «Intuizioaren kontrako ideia da arraun egiteko koilara bat baino, sardexka bat hobea dela esatea. Sare ikusezin bat edukitzea bezala da», dio Adrian Bejan Duke unibertsitateko Ingeniaritza Mekanikoko irakasleak. Tira, egia esan, bere hitzak, zehazki, honakoak izan ziren giza senari dagokionean: «It is a counterintuitive idea».

Hiztegietan «counterintuitive» hitza nola itzultzen duten begiratuta, gazteleraz edo frantsesez antz handia izan dezaketen hitzak aurki daitezke. Gazteleraz, «ilógico» edo «contrario al sentido común» bezala itzultzen dute, eta, frantsesez ere, antzera: «contre-intutif» hitza erabiltzen dute.

Euskaraz, ordea, «sen on» eta «zentzu» hitzak erabiltzen dira «counterintuitive» hitzaren itzulpena egiterakoan. Guztietatik itzulpenik txarrena euskarazkoa dela uste dut, batez ere, «on» hitzak kutsu moral handia duelako.

Egun zentzuzkoa izan daitekeena bihar erokeria izan daiteke, eta alderantziz. Historiari erreparatu besterik ez dago garaiko eroen sen perbertitua izan zena etorkizuneko «sen ona» bilakatzen dela ikusteko. Mundua borobila zela zioten lehenak sutan erre zituzten, zentzuzko erailketa publikoetan.

Zentzuzkoa zer den edo ez, ez dute beti zientzialariek erabakitzen. Gehienetan, azken hitza eremu soziopolitikoan gauzatzen dela esatera ere ausartuko nintzateke. Eta gehiago, aldaketaren iturburuan, kontzeptuak esan nahi duena baino, kontzeptua bera ulertzeko modua aldatzen dela esango nuke. Orduan ematen da paradigma aldaketa.

Gurean, garai interesgarriak bizi ditugu zentzu horretan. Agian, orain artean oso zurrun ulertzen genituen zenbait kontzeptu berraztertu edo adiera desberdin bat ematen hasteko garaia iritsi da. Jendeak konplexuak izan daitezkeen hitz bakarreko baina esanahi askotako kontzeptuak nola ulertzen dituen galdetzen hasteko momentu egokia delakoan nago.

Ziur aski, erantzunekin harrituko ginateke. Zentzuzkoa zirudiena, senaren kontrako bilaka daiteke. Sen ona, lausotu. Askok, bertigoa sentituko luke. Beldurra. Baina ez dago zertan, aldaketak emango badira, zentzuzkoak izan edo ez, emango baitira. Eta bistaz jokatzen dakienak aurre hartzen omen daki.

Ni, badaezpada ere, hatzak apur bat bananduta arraun egiten hasi naiz dagoeneko, eta, gezurra badirudi ere, sen onaren kontra... funtzionatzen du! Sardexka hobe koilara baino.