MAY. 08 2014 TXOKOTIK Denboraz motz, tormentuz lepo Mikel Zubimendi Kazetaria Lagun batekin aritu nintzen aurrekoan gure herri maite eta demontrearen egoeraz eta aukeraz berbetan. Iragan hurbilak kezkatzen zuen, orainak ez zion lasai egoteko tarterik uzten eta etorkizun berri bat ikusi nahi eta ezin zuela ikusi aipatzen zidan. Denbora Euskal Herriaren kontra zihoala, XXI. mendeko ezker abertzaleak iragan mendekoak zituela egiteko modu eta pentsatzeko manerak eta ezkor, kopetilun egoteko arrazoiak ez zirela falta errepikatzen zidan, behin eta berriz, enpatxatzeraino. Esan nion hala ikusten bazituen gauzak, bere burua horrela sentitzen bazuen, eusteko horri, bere kontzientzia eta izerdiaren jabe zela eta ez nuela kea saltzeko intentziorik. Ez nengoela ados baina onartzen nuela bere aldartea, errespetuz. Eta, hori bai, eskaera xume bat egin nahi niola: ez bilakatzeko bere aldarte pertsonala zer kutsakor batean eta, mesedez, marmarraren sindikatuan ez emateko izena, kirol nazional bihurtzen ez laguntzeko. Denbora kontra dugula? Ez dakit ba, zahar usaineko eztabaida errepikakorra da hori. Kontra badugu, dena presaz, itolarrian egitea beste erremediorik ez da gelditzen. Eta alde bagenu, lasai-lasai, patxada ederrean egon gintezke, denbora baino aliatu preziatuagorik ez baita. Alde/kontra baino, denbora hil, munstro hori akabatu egin behar dela uste dut, eta hori baino krimen arrunt eta legitimoagorik ez dagoela. Gizakia denboraz motz eta tormentuz lepo da. Erretzen duen sua du denbora. Eta ezin du bere etorkizuna erabaki, ez dauka etorkizun zori-garbi baten edabe magikoa. Erabaki dezake, baina, nola egin nahi dion aurre. Ardatz hartuta nola, norantz jiratu nahi duen bere bizitzaren gurpila. Eta hori, zuzentasuna, integritatea sekula ez dela galdu behar jakinda egin. Kezkarako motiboak ez ditut ukatuko, itxaropenerako daudenak ukatuko ez ditudan bezala. Eta onartuko dut XXI. mendeko ezker abertzalea «Sortu+LAB+Ernai» hirutasun horretan taxutzeari oker deritzodala, oso. Ezkor eta kopetilun izatea libre, baina aurreratu beharko genuena ahazteke, aurreratu dugunari balio osoa eman behar zaio. Urte oso zail hauetan erakutsi den ahalmena eta neurria larreostiakoa izan delako.