MAY. 11 2014 HEMEROTEKA Estres linguistikoa Xabier Letona Argia Gure Esku Dago ekimena ekitaldi ugari egiten ari da erabaki eskubidearen gainean eta ekainaren 8an Iruñea eta Durango lotuko dituen pertsona kateari begira. Horietako batean aritu ziren joan den astean, Bilbon, Gemma Zabaleta, Juan Jose Ibarretxe eta Floren Aoiz, hirurak Euskal Herriak erabaki eskubidea indarrean jartzeko duen eskubidearen defentsan. (...) merezi du Zabaletak azpimarratutako ideia batean sakontzea: gaur egun posible da erabaki eskubidean aurrera egitea, 2006an Loiolako elkarrizketetan Euskal Herriko hiru familia politiko nagusiak -EAJ, PSOE eta ezker abertzalea- heldu ziren gaiari buruzko kontsentsu batera eta hura berreskuratu behar da. Hau da, ez gabiltza ezinezkoak edo oso gaitzak direnei buruz, ez, duela zortzi urte lortutako akordioari buruz baizik. Jesus Egiguren eta beste zenbaitekin batera, Patxi Lopez lehendakariaren gobernuan sailburu izan zen Zabaletak gutxiengoan defenditzen ditu PSEren ortodoxiatik at diren ideiak, baina une batez PSOE osoaren ordezkari gisa ari zirenek onartu zituzten Loiolan, Jesus Egigurenekin batera baitzegoen Ferrazeko konfiantza zuen Rodolfo Ares. (...) Horrekin guztiarekin batera Kataluniako erreferendum deia datorrenez, ikusi beharko da nola eragiten duen PSOEk Konstituzioa erreformatzeko duen asmoetan. Eta olatu handi hori gero eta hurbilago, erabaki eskubidearen ideiak, nahitaez, gero eta indar gehiago hartuko du euskal gizartean ere, ziklikoki gertatu ohi den moduan, lehenago autodeterminazioaren ideiarekin eta geroago, funtsean Ibarretxe Planarekin, erabaki eskubidearen forman. (...) Euskal gizartean hauek guztiak jorratu direnean, gaiarekiko ekimena alderdi politikoen esku egon izan da batez ere, horrek dituen muga guztiekin. Oraingoz sinbolikoki bada ere, ekainaren 8tik aurrera gizarteak ere bere protagonismoa hartuko du, gaia, funtsean eta batez ere, gizartearen esku egoteko modukoa baita.