MAY. 11 2014 Interview Mikel LANDA ASTANA TALDEKO TXIRRINDULARIA «Marino eta Gorosperen artekoa bezalako lehiak itzultzea nahi nuke» Mikel Landa Meana duela 24 urte jaio zen Gasteizen. Betidanik Euskadi Fundazioaren taldeetan ibilita iritsi zen 2010ean profesionaletara Orbearen eskutik. Bertan urtebete emanda egin zuen Euskaltelera salto. Honen amaierarekin talde berria aurkitzen lehenetarikoa izan zen eta Astanako kolore urdinekin dabil orain. Giroan estreina Belfasten egin du eta bertan hitz egin du GARArekin. Hoteleko harrera gelan agertu da Mikel Landa, eta antzematen da prestaketak behar bezala egin dituela. Nola heldu zara Girora? Ondo iritsi naiz. Euskal Herriko Itzulian zein Trentinon ongi ikusi dut neure burua, eta prestaketa bide egokitik joan dela ziurtatu dut. Trentinon azken etapa irabazteak, gainera, konfiantza eman dit honelako lasterketa bati aurre egiteko. Garaipen hori Giroan errepikatzea al duzu helburu? Buruan daukat, noski, baina ez da hemen dudan lehen helburua. Scarponi lagundu beharra dut, bera delako gure aukerarik ziurrena sailkapen orokorrean lehiatzeko. Hala ere, amaiera pila bat daude goraka eta espero dut baten bat aprobetxatu ahal izatea, hori baita nire arma onena. Etaparen bat ba al duzu buruan? Azken astekoak denak dira politak. Stelvio, Gavia, Zoncolan... mendate handiak dira eta bertan zerbait egitea beti da berezia. Azken astea da eta ikusi beharko da nola iristen garen. Zer dakizu Giroari buruz? Giroa aipatzen denean aldapa handiak, euria eta elurra etortzen zaizkit burura. Orain ere ikusi dugu nola dagoen Stelvio, sekulako elur paretekin. Bi aste geratzen dira eta espero dezagun baldintzak hobetzea. Pena izango litzateke igo gabe geratzea. Etapa mitikoak izan ditu beti Giroak. Scarponi, Aru edo zu, besteak beste; talde indartsua ekarri duzue Italiako Girora. Hasiera batean, Scarponi ez da irabazteko faborito nagusia, baina lasterketa hau ezagutu egin behar da. 2011ko Giroan, Contador deskalifikatu eta gero, bera da irabazle eta hurrengo bi urteetan laugarren izan da. Aru gaztea da, iaz oso ongi ibili zen, baina lasai joan beharra du. Lehen egunetan talde osoa Scarponiren inguruan ibiliko da, baina Italiara iritsita denentzako egonen da aukeraren bat eta etapa guztietan lehian aritzeko moduko jendea dugu. Lutsenko eta Iglinski taldetik at, bisa eman ez zietelako... Horrelako zerbaitek planak aldatu egiten ditu. Zuzendariek plan bat dute buruan, taldekide bakoitzak lan bat bete behar du eta azken momentuan hori aldatzea ez da gustukoa izaten. Eskerrak talde zabala dugun eta beste bi txirrindulari onengatik ordezkatu ahal izan dituzten. Lehen hilabeteak dira zuretzat Euskalteletik kanpo. Talde hau askoz handiagoa da, diru gehiago dauka, baliabide gehiago, materiala, lantaldea... Txirrindulari gehiago eta nazionalitate asko nahastu ditugu. Italieraz ibiltzen gara asko, ingelesez, eta kazakhera ere asko erabiltzen dute, baina hori oraindik ez dut asko menderatzen. Presio txikiagoa antzematen al duzu errepidean? Euskaltelen arazoa lider irabazle handirik ez zegoela izan zen. Hemen presio hori txirrindulari batzuek dute soilik. Euskaltelen ez genuen emaitza handirik lortzen eta gazteek presio hori ere jasan behar izaten genuen. Talde barneko rola aldatu egin da. Hona iritsi nintzenean azpimarratu zidaten gaztea nintzela eta ikasi egin behar nuela, lasai ibiltzeko. Eta apurka, jolas baten moduan, taldea niretzat lanean ari zen Euskal Herriko Itzulian. Trentinon ere konfiantza eta askatasuna eman zidaten. Euskal Herriko Itzulia aipatu duzu. Nolakoa izan zen Euskaltel gabeko lehen itzulia? Niretzat oso itzuli berezia izan da, baina polita ere bai. Euskaltel gabeko lehena izan da eta pena bat da etxeko talde handirik ez izatea. Batez ere zaleentzat, ez baitzuten animatzeko kolektibo edo talde hori. Hala ere, erantzuna izugarria izan da. Gainera, euskal txirrindulariak, talde desberdinetan, euren artean lehiatzen jarduteak Marino eta Gorosperen arteko lehia ekarri dit burura. Espero dezagun urte batzuen buruan, garaipenaren bila dabiltzan euskaldunen arteko lehia hori berriz ere itzultzea. Eta Euskaltelen antzeko proiekturik sor daiteke berriz? Euskaltel itzultzea zaila da. Orain txirrindularitza oso globala da. Diru asko sartzen duten enpresa handiek agintzen dute eta oso zaila da talde txiki batekin hasi eta World Tourrera iristea, lehen egin zen bezala. Burgosen 2011n irabazi zenuen moduan irabazteak kalteren bat ekarri al zizun? Gaztetan irabazten duzunean ikusmin handia sortzen da, eta gero ez da erraza hori betetzea. Irabazteko zortea izan nuen, kalitatea nuela erakutsi nuen, baina gero hori landu behar izan dut berriz erakusteko. Hasieran ez nuen zama handirik sentitu, baina iaz presio hori igartzen hasi nintzen. Jendearena eta neure buruari jartzen niona. Iaz, gainera, ez zen urte batere erraza izango Euskaltelen? Denboraldi hasieran atzerritarrak etorri ziren eta horrek hainbat aldaketa ekarri zituen taldera. Gero, udan, desagertu egingo zela jakin genuen... Jendea, normala den bezala, bere kabuz hasi zen etorkizuna aurrera ateratzeko lanean eta ez zen egoerarik onena izan. Ikasteko balio izan al zizun? Une txar asko izan nituen iaz. Urte hasiera oso txarra izan nuen, alergiek jota, gehiegi entrenatu nintzelako... ez dakit. Maiatza arte gaizki ibiltzeak indartsuago egin ninduen. Hilabete horietan bizitakoa, taldearen barnean bizitakoa, eta azkenean egoerari buelta ematea etorkizunerako esperientzia handia izan daitekeela uste dut.