MAY. 17 2014 TXOKOTIK Hobe isilik? Xabier Izaga Kazetaria Ez nian uste erraiten ziela/ aitunen semek gezurrik». Are gutxiago ministro katoliko, apostoliko, Valladolideko erromatar eta Opus Dei-ko kide supernumerario batek. Ez baita egia «aurkitu» nahi dituen «legezko tresna gehigarriak» «delituaren eta gorrotoaren apologia» egiten duten portaerak jazartzeko direla. Ikusi ditugu, ikusten ditugu, esate baterako, euskal presoen senideen eta beste askoren aurkako gezurrak eta irain gordinak, Twitterren ez ezik, zenbait egunkari eta telebista katetan ere. Zer esan eta esaten dute Arnaldo Otegiz zenbait kazetaren hainbat zutabegilek eta irakurlek? Zer Josu Uribetxebarriaz...? Are gehiago, urte askoan ikusi ditugu ministroaren ustez «zitalak» ez direnak Espainiako bazterretan senide horiek harrikatzen eta euskal politikariak jipoitzen, baina portaera horrek ez du sekula jazarpenik merezi izan, inoiz ez dira segurtasun lege bat aldatzekok arrazoia izan. Ez dut esan nahi inolako iruzkinik debekatu behar denik, ezta hurrik eman ere, eta are gutxiago zigortu, ez kartzelaz edo isunaz, behinik behin. Aitzitik, bat nator Alberto Pradillak NAIZen duela ia hiru aste idatzitako blog batekin: «La trampa del '¡que los detengan a ellos también!'». Irakurgai daude egunero, nire eta beste askoren ustez, gustu txarreko iruzkinak barra-barra; hala ere, nork erabaki behar du gustu txarrekoak diren eta noraino diren gustu txarrekoak? Letizia Ortizek...? Eta etikaren arloan sartuta, beste horrenbeste. Epaile batek esan behar al du iruzkin bat etikaren aurkakoa den ala ez? Katolikoek, haietako batzuek behintzat, beharbada, aita santuak dioena onartuko dute; hala ere, prediku horiek ez dira lege orokor gisa onagarriak. Baina ministro horrek dioena gezurra izateaz gainera, haren helburua egia jazartzea da. Itsusia omen da (azkenean, estetika kontua da) hildakoez gaitz esatea; edonola ere, oraindik bizi-bizirik segitzen dute beste askok, maiz, maizegi, etikaz erabakitzen duten epaileek epaitu ere egin ez dituztenak, baina ebazpen etikoa emateko zilegitasuna duenaren epaia jaso dutenak. Epai horixe, gizartearena, isilarazi nahi dute, «bikitmak» edo Isabel Carrasco aitzakia dutela. Mezua argia da: boteretsuen aurka ez dago protesta egiterik. Eta, badaezpada ere... hobe isilik.