JUN. 03 2014 TXOKOTIK Malkoak, edonolakoak direla ere Maider Eizmendi Kazetaria Malko errazekoa naiz. Pozak, tristurak edota bestelako emozio askorekin ikasi dut negar egiten, espresatzen. Behin baino gehiagotan saiatu izan naiz malkoei gogor eusten, eztarriko soka gogor-gogor korapilatzen, negarrak besteen begitara ahul azaltzen ote ninduen beldur; baina, negarrak indartsu ere egiten nauela ulertu dut, barruan tokia egin ezinik daukadan hori askatzeko tresna ezin hobe baten jabe egin naizelako, egin nautelako. Negarrez askatzeko modukoak ez diren korapiloak sentitu ditut, hain erraz askatzen ez diren horietakoak; besteen begietan ere irakurri ditut halakoak. Haurretan ia indarrik gabe malkoak sortzeko gai nintzela, zenbat alditan ez ote nuen entzun helduen ahotik ez egiteko negar gehiago; eta handitzerakoan, zenbatetan, erabat lotzen gaituen barruko korapilo hori askatzeko bideak topatzea behar-beharrezkoa dela. Des-ikasi berriz ere ikasten ikasteko. Kexu zen haurraren negarrek aitari eragindako ernegatzeak eragin dit, hain zuzen, hausnarketa. «Negartia zara gero!», esan zion, kontsolamendurako baino errietarako tonua zuten hitzekin. Mutikoak adi begiratu zion aitari, azpiko ezpainari gogor eusteko ahaleginak egiten zituen bitartean eta begietatik erortzen zitzaizkion malkoak jertsearen eskumuturrarekin lehortzen zituen artean. Gaziak dira malkoak, baina masailetan behera irrits egiten duten tantotxoak ez dira beti ezpain bazterrean gazi dastatzen. Pozaren malkoak gazietan gozo-gogo dira eta. Orain gutxi «lortu dugu!» eta «azkenean hemen da!» adierazi nahi zuten malkoak ikusi ditut masailetan beherako bidea egiten. Urteetan amorruak eta ezinak pilatutako guztiak begi-txokoan tartea bilatuta irrits ezpainetan marraztutako irribarrera iritsi arte. Halako gehiago ikusi eta sentitu nahi ditut, pozaren malkoak «lortu dugu» diotenak eta, zergatik ez, korapiloak askatzen dituzten horietakoak ere bai.