JUL. 05 2014 Frantziako Tourra Hau hastera doa... Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia 2009ko iraila zen. Assen-en (Herbehereetan) geunden, niretzat Euskaltel Euskadi-rekin hiru asteko azken lasterketa izango zena hasteko prest. Espainiako Itzuli hura hasteko egun gutxi falta zirela, nire gelakide eta lagun min Amets Txurrukak esan zidan: «Hi, Irizar, GARAkuek diar in jostek, ia zutabia ingo juaten Vuelta hontan. Akaso bakarrik lar izango dok eta bixok alkarrekin itten bajuau?». Eta horrela, ia konturatu gabe, Ametsek eta biok idazle-tandema sortu genuen, eta jada gure 11. itzuli handiari ekingo diogu zutabe-bikote bezala. Aitortu behar dut askoz errazagoa egiten zaidala lasterketan sartuta nagoela idaztea. Etapa bukatu eta berehala, nire makarroiak hartu, musika pixka bat jarri, eta neure sakelakotik zutabetxoa idaztea ikaragarri atsegin dut. Sarri esan izan didate, bai etxekoek nahiz taldekoek, etapa bukatu eta berehala, bero-beroan ez idazteko, baina egia esan, horrela «errealagoa» dela uste dut. Adrenalina topera dudala, neure benetako sentimendu eta gogoetak kaleratzen ditut. Batzuetan, egia da, gehiegizko beroaldi bat dela medio, idatzi behar ez den zerbait idaztera eramaten zaituela, baina aldiz, onerako denean, etapa bukaerako «subidoi» horrek barru-barrutik irteten diren sentimenduak islatzen laguntzen dit. Urteetan, gure idatziak jarraitu badituzue, jakingo duzue sarri askotan, txirrindularitzaz baino gutaz, gure kezka, ardura, afizio edo izaeraz aritzen garela. Bide batez, gure benetako izaera eta pentsamoldea erakusteko aukera dugu eta zaleetatik gertuago egoteko baliatzen dugu. 2014ko Tour hau hasteko ez da ia ezer falta. Egin beharreko entrenamendu, sakrifizio eta proba guztiak eginak daude. Orain, zorteak eta norbere zein aurkarien abileziak erabakiko dute ea Tour honek urte honetan zehar eginiko lan eta esfortzuak ordaintzen dituen. Txirrindularitza maite duen horietakoa bazara, has zaitez zure siestak alde batera uzten, hasi zure ikurrina armairutik ateratzen, hasi ibilbideak ikusi eta mapetan trasteatuz, Pirinioetan lasterketa ikusteko leku egokiena bilatzen. Erresuma Batuan (Erresuma Bustia ere izan zitekeen hemen egiten duen euri guztiarekin) dena prest dago, Tourrak sortzen duen «show»-ari ekiteko. Hiru asteetan zehar goza ezazue ikuskizunaz eta espero kiroletako sail honetan gure hitzorduari jarraitzea. Jada ez da ezer falta, hau astera doa.... El Tour arranca hoy mismo en Leeds, Inglaterra. El ciclismo se ha hecho tan popular en Gran Bretaña los últimos años, que se ha creado el movimiento llamado «Mamil», abreviatura de «Middle aged man in Lycra» (hombre de mediana edad en lycra). Este fenómeno `afecta' a hombres mayores de 35 años a los que la gordura ya comienza a aflorar y prefieren ponerse culottes encima de una bicicleta antes que comprarse un Ferrari.