JUL. 12 2014 Frantziako Tourra Kasualitateak Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia Zazpi etapa eginak ditugu, eguraldia ez dugu lagun izan, eta egun hauetan gure giharrek jasotako euriak hankako mina areagotzen du. Lehen asteko esprinterrentzako etapak bukatu dira jada, eta hemendik aurrera beste lasterketa mota bat hasiko dela bistan da. Baina jakingo duzue, ia inoiz ez dudala idazten, oso gutxitan behintzat, lasterketari buruz soilik, eta gaurkoan nire bular bazterrean eramaten dudan ikurrinari eta M. Irizar horri buruz arituko natzaizue. Euskaldun bezala, guk maite dugun herriko ikurra eramateak ez zintuzten sorpresaz hartuko, baina ikurrin horren ondoan doazen M. Irizar horri buruzko kontu bat azaldu nahi dizuet gaurkoan. Iaz, bakoitzak norbere izena bakarrik eramaten genuen gure maillotetan, eta aurten, letra handiz, M. Irizar ikustean sekulako poza hartu nuen. Maillota ikustean, nire lehengusu Mikelekin gogoratu nitzen eta argazki bat bidali nion esanaz: «M. Irizar hau zeu ere izan ahal zinen, gordeko dizut maillot bat urte bukaeran oroigarri moduan izan dezazun». Berak orduan erantzun zidan: «Bai, neu izan ahal nintzen M. Irizar hori, baina baita Maite, Madalen, izeba Margarita ala izeba Maripaz ere». Orduan, Mikelen mezua jaso, eta «buatxabal» esanaz irakurtzen ari nintzela, konturatu nintzen lehengusu guztiok M. Irizar garela gure familian. Hori gutxi ez-eta, bi izebak ere M. Irizar dira. Kasualitate horri buruz orain arte erreparatu gabe nengoela, beste M. Irizar bat etorri zitzaidan gogora. Azken honi esker naiz naizena, eta berari esker pentsa eta bizi naiz gaur egun egiten dudan moduan. M. Irizar honek piztu zidan bizikletarako grina, eta bera izan da beti nire jarraitzaile sutsuena. M. Irizar, nire izen-abizenak izateaz gain, familiarki duen esanahiaz jabetu nintzenetik, maillota jantzi eta ikurrinaren ondoan doazen hizki horiek irakurtzen ditudanean, etxeko guztiak etortzen zaizkit gogora. Baina barka nazatela nire izeba eta lehengusuek, guztien gainetik M. Irizar bat bereziki gogoratzen badut. 16 urte dira gure artetik joan zela, eta bizirik bazen, bere izenaren aurreneko hizkia eta bere abizena ikurrinarekin batera nire bularraren bi alboetan ikusiko balu , pozaren pozez urtuko zela uste dut. Manolo Irizar zen lagunentzat, eta niretzat, berriz, aita. Eta maillot hau janzten dudanean, nire pentsamendu eta sentimenduetan nirekin dudala sinisten dut. Espero dut irizartar guztien laguntza eta bultzadaz Markel Irizar baino askoz gehiago esan nahi duen M. Irizar hori behar den bezala luzitzeko gai izatea. Hurren arte, agurtzen da: M. Irizar.