JUL. 25 2014 Frantziako Tourra Sare sozialak Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Gaur eguerdian Mikel Nieverentzat etapa egokia zela esan dut eta eguneko ihesaldian ikusita baikor nintzela. Ez naiz oker ibili, baina Siziliako marrazoa gosetuta dabil eta ez du ezer uzten, nire txioa eta Mikelek gaur egindako erakustaldia ere Hautacamera bidean jan ditu. Hala ere, Zorionak @NieveMikel! Zaila da egungo mundua sare sozialik gabe imajinatzea. Informazioa eskegi, jaso edota partekatzeko erabiltzen dugu gehienok. Urrun dagoen lagunarekin komunikatzeko doako sistema azkar, erabilerraz eta praktikoak dira. Jende askok lanerako erreminta modura erabiltzen ditu eta informazioa oso azkar dabilen honetan, ezinbesteko bilakatu dira. Gehienetan onerako izan ohi dira erakusleiho horiek, baina ez beti. Txirrindularitzaren kasuan, esaterako, kazetaritzaz gehiegi jakin gabe bada ere, esango nuke profesionalen egitekoa aldarazi dutela Twitter moduko sareek. Izan ere, txirrindulari ia guztiek dugu halako perfilen bat, eta haren bitartez plazaratu ohi ditugu eguneko sentsazioak, burutapenak edo etapan zehar gertatutako bitxikeriaren bat edo beste. Kazetariek lehengo lanaz gain, horietako bakoitzaren jarraipena egin ohi dute. Dudarik gabe, gero eta gehiago ezagutzen ditugu txirrindulariak beren sare sozialetako parte hartzeen bitartez. Puritok adibidez, bere jarraitzaile garenon miresmena irabazi du Twitterren eskegitzen dituen ateraldi biziekin. Egun txarra duenean ere barrea eragiten duen mezu laburren bat idazten du. Aldiz, errepidean gelditu beharko liratekeen ika-mikak areagotzea ere badakarte sare sozialek. Nahikoa da baten batek kideren baten jokaera salatzea bigarren horrek edo haren ingurukoek horren aurkako erantzun desegokia emateko eta sua pizteko. Zoritxarrez, badira senitartekoak sartu izan diren kasuak ere, eta egoera hauek ez dira onuragarriak ez txirrindulariarentzat, ezta txirrindularitzarentzat berarentzat ere. Bizitzan bezala, gure eginkizunean ere kontuak errepide gainean eta aurrez aurre konpondu beharko liratekeela uste dut. St Lary-ko etapak ere eman zuen polemika txikiren baterako tartea. Izan ere, Rafal Majka mendiko lider eta atzoko etaparen irabazleak kamera zeraman motoko antena bati heldu zion bulkada bat emateko aprobetxatuz. Zigorra jaso du baina, honen harira, Luca Paolinik bere perfilean txiste modura eskegi du 2015eko San Remoko klasikoko azken aldaparako ideia eman diola Majkak. Eta beste behin piztu da garra sareetan. Atzoko etaparekin izugarri disfrutatu zuenetako bat egunotan nire ondoan dabilen Karol Domagaski izan zen. Rafal Majkaren herrikide, adinkide eta lagun handia da Karol. Gure taldekidea da eta Madrilgo mendilerro honetan daramatza zenbait aste entrenatzen. Majka ondo ezagutzen du eta irribarrea ateratzen zaio Rafal entzuten duen bakoitzean. Tipo xelebrea omen da. Desastre samarra baina jatorra. Atzo elkarrizketa ingelesez egiten entzun zuenean, txundituta zegoen. Ez omen du ingelesez txintik ulertzen eta hitz egiten eta ez zuen ulertzen nola ari zen ingelesez kazetariarekin. Baina, belarrian pinganilloa zeukala konturatu ginen eta, beraz, belarritik entzuten ari zena baino ez zuen errepikatu. Barre egiten zuen Karolek. Beste behin ere, konturatu naiz nire ingeles traketsarekin ez daukadala bide luzeegia egiterik; beraz, maletan autodidaktikoki ingelesa ikasteko ekarri dudan liburua zabalduko dut oraintxe bertan.