JUL. 26 2014 Tour Fagor Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia Bi etapa, erlojupeko bat eta Pariseko azken etapa. Bi eguntxo besterik ez, eta 2014ko Tour hau historia izango da. Onartu behar dut, arlo pertsonalean zerbait gehiago espero nuela, baina tira... «xaukena xauk» eta gauzak datozen moduan hartu behar. Normalean, azken egun hauek izaten dira aproposenak hausnarketa eta balorazio zein ondorioak ateratzeko. Horietako mingarriena, Euskaltel Euskadiren falta nabaritu egin dela, eta asko gainera. Errepidean taldearen beraren izaerak ematen zuen jokoaz aparte, Pirinioetara etorritako zale kopurua aurreko urteetan baino askoz ere apalagoa izan da. Eta Euskaltel Euskadiren aurretik Kas, Zahor, Fagor eta orain Euskadi fundazioa joan diren moduan, euskal txirrindularitza umezurtz utzi dute. Profesional izateko aukera eman zidan Euskadi fundazioak pertsiana jaisteak izugarrizko «tsunamiak» bezala eragingo die gazte mailan dauden txirrindularien aukerei. Batek baino gehiagok esango du Euskadi fundazioa horrenbeste defendatzen badut zergatik izan nintzen eskutitz ezagun haren sinatzaileetako bat. Arrazoia oso sinplea da. Taldearen gestioa fundazioa sortu eta hazten jarri zuen Migelen eskuetatik beste nonbaitera joan zen. Hark, denborak erakutsi duen moduan, Amets kaleratuz eta egin zuen moduan kaleratuz zein atzerritarrak ekarriz eta horren moduko erabakiekin hanka sartu zuen, baina aldarrikapen haren funts nagusia hau zen: guk Euskadi fundazioaren bidez izan dugun aukera polita beste gazte batzuek ere izateko aukera bermatzea. Azkenean, tamalez, bai bata bai bestea pikutara joan dira eta euskal txirrindularitza kinka larrian utzi dute. Kinka larriari eta garai bateko Fagor taldeari buruz ari naizela, izugarrizko poza hartu dut hedabideetan berriz ere Fagor zena zabaldu eta Arrasaten 700 lanpostutik gora sortuko direla entzuteak. Egia da ez dela kooperatiba izango eta beste hainbat gauza ere bai, baina Arrasaten bizi den batentzat, bere inguruko jende askok lana galdu duela ikustea ez da erraza izan eta berriz ere Fagorren berrirekitze honek espero dut gure bailarara beste poztasun bat ekartzea. Ba, horrelaxe, Fagor irekitzeko gai badira, Euskadi fundazioa aurrera ateratzeko gai izango diren esperantzaz, Parisen itxarongo zaituztet.