JUL. 28 2014 SURFA | Women's World Championship Tour Hasi da ikuskizuna Huntington Beachen Nesken munduko txapelketarekin batera bestelako txapelketak ere izango dira. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Gaurtik aurrera Huntingtonen (AEB) dira munduko nesken itzuliko (Women's World Championship Tour) hamasei lehiakideak. Hamar txapelketek osatzen dute aurtengo WWCT zirkuitua eta Kalifornian aste honetan egiten ari direna itzulikoa seigarren proba da. Iaz, Carissa Moore izan zen txapelketa honetako irabazlea eta egun bera da ranking orokorrean buru. Tarte txikiarekin Sally Fitzgibbons australiarra dago uneotan bigarren postuan, eta, hirugarren postuan, berriz, Stephanie Gilmore. Huntingtoneko txapelketa oso ospetsua da, jende eta diru gehien biltzen dituen txapelketa mitikoa baita. Nesken munduko txapelketarekin batera, PRIME kategoriako mutilen txapelketa ere egiten da, eta, horrez gain, skate txapelketa eta erakustaldi ikusgarriak ere egiten dira. Ikuskizuna hasi da Huntingtonen eta aste honetan albisteak bata bestearen atzetik etorriko dira Kaliforniako kostaldetik. Beraz, adi egoteak merezi du.