AUG. 02 2014 Udate Borrokak Estibaliz EZKERRA Literatur kritikaria Getxophotoko lagunek aurtengo nazioarteko argazki jaialdirako egindako promozio-bideoaren link-a jaso nuen duela egun batzuk. Jaialdian ikusgai egongo den Fred Ramosen «El último atuendo de los desaparecidos» (Desagertutakoen azken jantziak) argazki-bilduman oinarrituta dago, eta argazkilariaren herrialdean, El Salvadorren, indarkeriaren biktima izandako baten jantziak azaltzen ditu: kaputxadun jertse gorri bat bularraldean eta zuriz «Polo» marka idatzita duena, eta praka bakero labur batzuk. Biak ala biak odolez zipriztinduta daude. Off-eko ahotsek jantzien jabeak bizia nola galdu zuen iradokitzen dute: okerreko tokian okerreko unean zegoen biktima, eta hortik aurrerakoak ezagunak zaizkigu, odoleztaturiko jantziak dira horren lekuko. Hain zuzen, jantzi horiek dira El Salvadorren desagertutakoen aztarna, lekukotza eta froga bakarra. Horiei esker baliteke biktimak identifikatu ahal izatea. Getxophotoren iazko edizioa «Ametsak» kontzeptuaren inguruan antolatu zuten. Aurtengoak «Borrokak» du ardatz. Bizi ditugun garaietarako ezin aproposagoa dirudi gaiak. Ametsei borrokak oldartu zaizkie, modu bortitzean oldartu ere, ezen une honetan amets egiteko aukerak urrunekoa ematen duen. Gaurko borrokak hemendik urte batzuetara nola gogoratu, azaldu eta arrazoituko ditugun pentsatzen aritu naiz. Zer aztarna, arrasto eta froga baliatuko ditugun hildakoen historiak berreraikitzeko eta errudunak justiziaren aurrera eramateko. Fred Ramosen antzeko argazkilari-artistarik egongo ote den desagertutakoei gutxienez bi gauza horiek zor dizkiegula gogorarazteko.