AUG. 31 2014 Udate «Bizi pottoka!» jardunaldia egingo da gaur goizean Arantzazuko parketxean Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, Pottokalekurekin elkarlanean, «Bizi pottoka!» jardunaldia antolatu du gaur eta irailaren 7an. Euskal zaldi autoktonoa gertutik ezagutzeko aukera izango da Arantzazun. GARA OÑATI Aizkorri-Aratz Parke Naturala eta bertako ondare historiko eta kulturala ezagutzera emateko asmoz, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak, Arantzazuko parketxearen eskutik, pottoka protagonista duen «Bizi pottoka!» jardunaldi berezia antolatu du gaur goizerako. Pottokalekurekin elkarlanean sortutako ekimenak iazko urtean izandako arrakasta ikusirik, aurtengoan ere ume eta helduek historiaurreko arraza hau ezagutzeko aukera izatea nahi izan dute. Horretarako, gaur zein irailaren 7an goiz bateko iraupena izango duten bi jardunaldi antolatu dituzte. Besteak beste, bertaratutakoek egun desagertze arriskuan dagoen pottoka euskaldunaren historia, ohiturak, portaera, izaera anitza eta hainbat berezitasun bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Ezagutza horiek garatzeko, Jon Elortza eta bere lantaldearen laguntza izango dute. Hain zuzen ere, zaldien heziketa eta terapian, ekinoterapian alegia, adituak dira guztiak ere. Jardunaldia bi zatitan banatuta dago. Hasteko, 10.30ean, Arantzazuko parketxera gerturatutakoek pottokaren bizitzaren eta mendiarekin duen elkarrekintzaren gaineko bideo didaktiko bat ikusteko aukera izango dute. Informazio gehigarria ere jasoko dute. Behin lehen saioa amaituta, 12.00etan, Pottokalekura hurbilduko dira zaldiak ezagutzera. Bertan, Jon Elorza pottoken izaeraz, portaeraz, elikaduraz eta abarrez mintzatuko da. Era berean, zaldiek gizakiekin komunikatzeko duten gaitasunaz ere ariko da. Baldintzak eta izen ematea Jardunaldian parte hartzeko, Arantzazuko parketxera deitu eta izena ematea beharrezkoa da. Arantzazuko parketxeak jakinarazi duenez, bisitari eta animaliei kalitate eta zerbitzu «bikaina» ahalbidetzeko egun bakoitzean 25 laguneko muga egongo da. Bestalde, pertsona bakoitzak 10 euro ordaindu behar ditu. Prezioaren barnean bi saioak ez ezik, jardunaldiaren bukaerako aperitiboa ere sartzen da. Lau kidetik gorako familiek, berriz, %20ko beherapena izango dute.