GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Euskara, zeharo baztertua


Abuztuan zehar, Nafarroa Garaian egiten ari dira hainbat kultur ekitaldi, zehazkiago, musika kontzertuak: abesbatzak, ganbera musika, folka, jazza, popa eta beste batzuk.

Hilaren 8an, Zugarramurdiko leizean izan nintzen txistu kontzertu bat ikus-entzuten, eta orduan jaso nuen eskuartean dudan hil osorako egitaraua, hango informazio bulegoan. Honako izenburua dauka: «Cultur 2014. Navarra Cultura y Turismo. 1-31 de agosto». Jarraitu baino lehen, esan dezadan egitarau horretan bertan, honako erakunde hauexek agertzen direla antolatzaile, babesle eta sortzaile moduan: Reyno de Navarra, Gobierno de Navarra eta Culturanavarra.es.

Esan gabe doa, egitarauan agertzen den informazio guzti-guztia gaztelania hutsean dagoela. Egitarau paper hura Nafarroa oso-osorako da, eta, goraxeago azaldu dudan bezalaxe, neronek Zugarramurdin bertan jaso nuen, teorian behintzat, Nafarroako Gobernuko jaun-andre burutsuentzat, euskal eremua den horretan. Euskaraz ikus daitezkeen bakarrak dira euskal eremuko herrien izenak, baina ez UPNkoen eskuzabaltasunagatik, ez, baizik eta izen horiek euskaraz soilik direlako ofizialak eta, beraz, ez zuten beste erremediorik. Gainerako herri eta hiri guzti-guztien izen euskaldunak isilduak, baztertuak, zokoratuak eta kenduak izan dira inolako lotsarik gabe, jakinaren gainean, ongi pentsatu, hausnartu, kalkulatu eta erabaki ondoren, eta hori guztia, nonbait, Nafarroako kulturaren izenean. Hauexek dira, ba, izen ospetsu horiek: Tudela, Monasterio de la Oliva, Marcilla, Ujué, Sangüesa, Javier, Monasterio de Leyre, Isaba, Ochagavía, Aoiz, Pamplona, Puente la Reina, Artajona, Olite eta Monasterio de Irantzu.

Bai, jaun-andreok, zer lotsa gutxikoak, azal latzekoak, kopeta handikoak, odolgabeak, bihotz ustelak, asmo txarrekoak, gogo gaiztokoak eta abar diren Yolanda Barcina, Juan Luis Sanchez de Munian, Jose Iribas eta bat eta beste!