GARA Euskal Herriko egunkaria
UDATE BETE

Elektrotxarangen doinuek hartuko dituzte bihar Bermeoko kaleak


«Munduaren historian estreinakoz», pasa den astean eskaini zuten prentsaurrekoan nabarmendu zuten moduan, Euskal Herriko elektrotxarangak bihar Bermeon batu egingo dira jaialdi «handi, ibiltari eta kaletarra egiteko».

«Lehendabiziko aldiz, Euskal Herriko elektrotxarangak batu egingo gara, elkar ezagutzeko eta dakiguna egiteko: kaleak agertoki bihurtzeko», azaldu zuten eledunek agerraldian. Guztira, honako elektrotxarangok baieztatu dute Bermeon izango direla: Ttek! (Gasteiz), Motxaila (Mendaro), Orkresta (Bilbo), Skandalue (Azpeitia) eta Txarangazok (Portugalete).

Eguerdian txosnagunean egingo den harrera ekitaldiak emango dio hasiera egunari. Ondoren, poteoa abiatuko dute Orkresta elektrotxarangarekin herriko kaleetan zehar, herri bazkaria dastatzera eseri aurretik.

Kalejira iluntzean

Arratsaldeko bostetan, berriz, txaranga kirolak antolatu dituzte, eta, bi ordu geroago, herriko kale eta plazetan kalejira abiatuko dute.

Gaueko hamarrak arte ariko dira kostaldeko herria musikaz blaitzen, Tximino taldeak eskainiko duen kontzertua abiatu aurretik. Gauak luze joko du, hala ere, ondoren Dj Mambruk hartuko baitu jaiaren lekukoa I. Euskal Herriko Elektrotxarangen Topaketan.