SEP. 06 2014 Harri-jasotzea Gazteek euren maila erakusteko aukera dute J.L. Harri-jasotzaileak ikusi nahi dituenak gaur aukera paregabea izango du, Zarauzko plazan jokatuko baita, 17.30ean hasita, Kintopekoen Euskal Herriko Txapelketa. Lau kirolari gazte neurtuko dira, eta etorkizunean oso kontuan hartu beharrekoak dira denak ere. Mikel Lopetegi, Xabat Olaizola, Iñigo Eizagirre eta Beñat Telleria izango dira parte hartuko duten lau harri-jasotzaileak. Kirolariek 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko zilindro zaharra erabiliko dituzte. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko hiru minutuko txanda izango du kirolari bakoitzak. Txapelketa honetan 21 urtez azpikoek bakarrik parte hartu ahal dute. Hau da, 1994. urtean jaiotakoak izango dira zaharrenak, eta horiez gain, hortik beherakoek lehiatu ahal izango dute gaur Zarautzen. Faboritoak aipatzerakoan, Lopetegiren izena agertzen da. Oso gaztea izan arren, lauretan eskarmenturik gehien duen kirolaria izango da zarauztarra. Etorkizun ikaragarria duen harri-jasotzailea da, eta gaur begi asko berari begira egongo dira. Agian bera bezainbeste ez da ikusi, baina Telleria IV.a ere nahiko ezaguna da, eta hura ere faboritoen zerrendan agertuko da. Olaizola eta Eizagirre, askoz ere ezezagunagoak dira, ez baitira asko ikusi. Beraz, euren lana ikusgai dago. Kirolari guztiak oso gazteak dira, eta nerbioek ere zeresana izan dezakete, eta hortik ere joan daiteke gaurko finala. Otaegik irabazi zuen iaz txapelketa hau, baina jada adinez pasatu egin da Aizarnako harri-jasotzailea, eta aurtengoan ezin izango du parte hartu. Aizkora Urdulizen jokatuko da etzi, 12.00etan, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioari dagokion jardunaldia. Jon Rekondo eta Ander Erasun arituko dira nor baino nor. Bi aizkolari nafar hauek bolada onean heltzen dira saiora. Datorren asteburuan jokatuko da Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa, eta han izango dira biak. Nola dauden ikusteko balio lezake saio honek, nahiz eta harekin zerikusi handirik ez duen izango. Alkizako plazan, berriz, gaur, 23.00etan, bertako urteroko festetako torneoa jokatuko da. Atutxa II.a eta Olasagasti, Azurmendi eta Larretxea eta Txapartegi eta Nazabal arituko dira lanean. Bikote bakoitzak hiru lan ezberdin egin beharko ditu saioan zehar.