GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Gora Donbas, Gora Putin


Ezinegonaz edo haserrez baino, atsekabez ikusten ari naiz euskal ezkertiarren eta batez ere euskal gazteria abertzalearen jokaera Ukrainaren inguruan. Altsasun Donbaseko gudaroste iraultzailearen aldeko ekitaldi, kontzertu eta diru jasotzea; Deban, Mamarigan eta beste herri eta auzoetan deklarazioak; Lekeition, pankartak. Denak, Europar Batasunak, NATOk eta AEBek defendatzen duten Kieveko Gobernuaren aurka, arrazoi onargarriengatik, eta eskolaurreko manikeismo batez gidaturik gobernu honen aurka ari diren matxinoen alde: Errusiako mugimendu ultranazionalista eta arrazistak bere baitan hartzen dituzten matxinoen alde, Putinek defendaturiko, Moskuko Eliza Ortodoxoak loriatutako Errusiako Federazioak armekin, diruarekin, soldaduekin, tankeekin lagundutako matxinoen alde.

Ahaztu al dugu Errusiako Federazioan bizitzea zer den? Era guztiko manifestazioak debekatuta egotea, «propaganda homosexualista» debekatuta egotea, biztanleko polizia kopuru izugarria, korrupzio maila paregabea? Ahaztu al ditugu Pussy Riot eta parekoak? NATO eta Europar Batasunaren barnean bizitzeak suposatzen dituen menpekotasun eta onartutako maltzurkeria denetatik ihes egin nahi izateak ezin du justifikatu beste horien atzaparretara jauzi egitea. Honako honetan ez al diogu Amnesty Internationali jaramonik egingo, matxinoek kasu honetan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko banderak dituztelako? Urte bi daramatzat Ukrainan bizitzen, matxino pseudokomunistek birsortu nahi duten Novorossia tsaristaren hiriburu errusofonoan preseski, Odesan, eta, esan bezala, ezinegonaz edo haserrez baino, atsekabez ikusten ari naiz euskal gazteriaren jokaera.