SEP. 14 2014 «C'est fini» Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia Ancareseko gainean bukatu berri den etaparen ostean, Santiagoko kaleetan egingo den erlojupeko motz batek emango dio bukaera Vuelta honi. Normalean, Madrilen eta esprintean bukatu ohi den etapa batekin amaitzen da denboraldiak duen hiru asteko azken itzulia, baina aurten Santiagoko bidea bukatzen den hiriburua izango du abiapuntu Vueltako azken etapak. Nik uste, denok ados egongo garela Ancareseko etapa ikaragarri polita eta lehiatua izan dela, eta gaur beste behin gozatu ederra hartu dugula txirrindularitza maite dugunok. Vuelta hau eta txirrindularitza bera, ikaragarri atsegin ditut nik, baina badago oraindik txirrindularitza aspergarria dela deritzon jendea. Horren lekuko, aste honetan bertan, semeei Ligako kromoak erosten nenbilela emakume batek dendariari bere siesta onenak txirrindularitza ikusten egiten zituela onartzen zion solasaldia. Onartzen dut, etapa lauetan, eta ihesaldi bat denbora askorekin doanean edo gauza gutxi gertatzen direnean, akaso aspergarria izan daitekeela, baina orokorrean lasterketa lehiatu eta polita ikusi dugulakoan nago. Podiumeko kosketan leku bat izateko, izen handiko Valverde, Froome, Contador eta Purito ibili dira egur batean, eta beraien artean izan duten tirabirek saltsa eta morbo punttu bat eman diote lasterketari. Azkenean, eta biharko [gaurko] erlojupekoak aldatzen ez badu, Contador, Froome eta Valverde izango dira lehen, bigarren eta hirugarren. Siestei buruz gabiltzala, siestarako denbora asko izango ez dutenak Santiagora bidean ditudan osaba eta bere lagunak dira. Erlojupekorako «tras kotxe» egiteko osabari deitu nionean, esan zidan: «Hi sentitten xuat baina kriston plana xaku. Santiago bidian azkenengo zatixa in, gero Vueltako etapia ikusi. Majo afaldu, eta Vigora fango gaittuk Celta eta Errealan arteko partidua ikustera». Ba bai, onartu beharra daukat aitzakia perfektua zala, «tras kotxe»-ko entrenamenduaz libratzeko... Inbidiatan urtzen ari naizen arren, Santiago bidean bizikletan egingo duten txango eta ostean izango duten tripakadaz gozatzea opa diet. Behin eskatzen hasita, Realak 3 puntuak ekar ditzala eta Jesse Sergeant taldekideak erlojupekoa irabaz dezala, baina ez ditzatela kartutxo guztia erre, hurrengo igandean Ponferradan taldekako erlojupekoan beste hitzordu bat dugu eta!! Hitzorduekin bukatzeko, Amets eta biontzat ia tradizio bilakatu den zutabe hauetan lagun izan ditugunei eskerrak eman nahi dizkiet. Eskerrak beste behin GARAri. Kiroletako horri hauetan, gure zutabearentzako lekutxo bat gordetzeagatik, eta eskerrak zuri, Tour eta Vueltan, gure kontu txoro hauek irakurtzen egon zaren zale fin horri. Onartu behar dut, beste behin plazer bat izan dela, gure gogoetak hemen azaltzea, eta gustu baduzue, 2015eko Tourrean izango dugu elkarren berri. Ordura arte, onak izan eta bizipozez bizi!!!