SEP. 15 2014 Bukatu da bidea Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Amaitu da gure erromesaldi partikularra. Halako batean, bukatu da. Luzea egin zait bidea. Gorputzaldi onarekin nentorrelakoan nengoen, baina ez zaizkit gauzak nahi eta espero modura joan. Ni baino askoz hobeto egon da jendea, eta ezin ba, nahi nituenak egin. Zortea edo indarra, zortea eta indarra, ez dakit zehazki zer falta izan zaidan. Sobera ilusio nekarren baina... saiatu naizen arren, aurten ez dut Vuelta biribildu. Lekutan geratzen da Jerezko irteera. Orduan lekutan ikusten genuen Santiagoko erlojupeko hau ere, baina apurka-apurka eta jipoi ederrak hartu ondoren, iritsi gara. Bidean zehar, aurrez eskuliburuan markatutako gustuko etapa asko egin ditugu, eta baita batere atsegin ez nituen beste asko ere. Tartean, protagonista izateko ilusioz markatutakoak ziren batzuk eta ahalik indar gutxien xahutuz pasatu nahi nituenak beste batzuk. Bukaerara helduta eta balantzeak egiteko garaia iritsi denean, konturatu naiz ez dudala bi helburuetako bat bera ere bete. Vuelta oso lehiatua izan da aurtengoa eta egunero ahalegin ikaragarria eskatzen zuten etapak izan dira. Aukeraren bat ikusi dudan aldiro saiakera egin dut, baina ezin aurrera egin. Nire kasuan, Vuelta grisa izan da. Helmugara arte iristen diren ihesaldi horietako batean sartu ezin izanaren eta etaparen baten lehian egon ezin izanaren penarekin nator bueltan etxera. Talde modura, aldiz, lan ona egin dugula uste dut. Egunero ihesaldietan egon gara eta mendiko sailkapen orokorra lortzeaz gainera, askotan igo gara podiumera lehiakortasun saria jasotzera. Guztira 30 aldiz izan dugu presentzia podium horretan eta taldearentzat oso garrantzitsua izan da, beraz, horretan nire aportaziotxoa egiteaz pozik egon behar nuke, baina dezente gehiago espero nuen, egia esan. Lagun bati sarritan entzuten diodan modura, «berria hobea izango da». Etxera bueltatzeko gogoz nago. Aste asko daramazkit etxetik kanpo eta behingoz, jada zuetako askoren antzera, errutinan sartzeko irrikaz nago. Zoritxarrez, Santiagon beren txirrindulari bidea bukatzen ikusiko duten lagunak ere baditut tropelean, pena ematen dit, baina bizi legea da eta gazteei lekua utzi beharra dago, ez dago beste erremediorik. Nik hamalaugarren itzuli handia dut oraingoa, eta mailarik onena eman ez dudan arren, ez dut pentsatu nahi gainbehera iritsi zaidanik. Atseden hartu, gertatutakoa aztertu eta denboraldiko azken karreretan mailarik onenera itzuliz hurrengo urterako lekutxoa ziurtatzen saiatuko naiz. Gustura aritu naiz aurten ere zutabetxo honen bitartez gure kontuak zuekin elkarbanatzen. Eskerrik asko, GARAri eta irakurleoi, aurten ere aukera hau eman diguzuelako. Besterik gabe, gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu.