GARA Euskal Herriko egunkaria
AIZKORA | Nafarroako Lehen Mailako kanporaketa

Floren Nazabalek garbi utzi du zein den faborito nagusia

Etxarriko aizkolaria da egungo txapelduna, eta bera izan zen atzoko onena ere.


Floren Nazabal, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Ander Erasun eta Oihan Larretxea sailkatu ziren urriaren 5ean Etxarri Aranatzen jokatuko den Nafarroako finala jokatzeko. Atzo jokatu zen kanporaketa Iruñerriko Uharte herrian, eta maila galduko dutenak Manolo Kañamares eta Antonio Senosiain izango dira, biek uko egin baitzioten atzoko saioan parte hartzeari. Aritu behar zuena baina azkenean aritu ez zena Juanjo Lopez izan zen. Gaixorik dago, eta, pasa den asteko Euskal Herriko kanporaketan bezalaxe, atzo ere ez zuen aizkoran aritzerik izan.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki behar izan zituen, finalean izango duten lanaren erdia. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen. Toki Alai pilotalekuko harmailek jende asko batu zuten kanporaketa ikusteko.

Zazpi aizkolari lehiatu ziren, eta bi multzotan banatuta neurtu ziren. Nazabal, Saralegi, Kañamares III.a eta Donato Larretxea izan ziren aurreneko txandan. Nazabal izan zen onena. Etxarrikoa da txapelduna, eta txapelarekin jarraitzeko faborito nagusia ere bai, eta hasieratik garbi utzi zuen aurtengoa irabazteko faboritoa zein den.

Dena dela, Ruben Saralegik ere oso lan ona egin zuen, eta hasieran lortu zuen berari eustea, nahiz eta Etxarrikoak bere erritmoari jarraitu zion, eta, amaieran, multzoan garaipena lortzeaz gain, kanporaketako denbora onena ere egin zuen. Saralegik amaitu zuen bigarren, eta amaieran finalerako txartela ere eskuratu zuen. Kañamares III.ak eta Donato Larretxeak ere oso lehia handia izan zuten, amaieran Kañamaresek bi segundo bakarrik kendu baitzizkion Larretxea beteranoari. Hori bai, biak geratu ziren finaletik at.

Denak aurrera

Bigarren multzoan, Rekondo, Erasun eta Oihan Larretxea lehiatu ziren, eta hirurek eskuratu zuten finalean aritzeko txartela. Jon Rekondo izan zen multzo honetako onena.

Leitzarra gogoz plazaratu zen, pasa den astean ez baitzuen Euskal Herriko finalerako txartelik lortu. Lehen enborretik erakutsi nahi zuen bera ere gai dela hor goian ibiltzeko. Erasunek hasieran eutsi ahal izan zion, baina apurka-apurka aldea ateratzen hasi zen leitzarra, eta pasa den astean Aurtizkoa aurretik izan bazen ere, oraingoan Rekondok irabazi zuen multzoko proba, eta baita finalerako txartela lortu ere, eguneko bigarren denbora onena eginda.

Erasun geratu zen bere atzetik, baina laugarren denbora onena egin zuen eta finalean sartu zen. Oihan Larretxea sailkatu zen hirugarren eta ea aurreko multzoko azkeneko bien denbora hobetzen zuen edo ez ikustean zegoen gakoa, eta lortu zuen. Beraz, finalean izango da. Kañamaresi 15 segundo kendu zizkion, eta 17, berriz, bere aitari. Oraingoan Larretxea aita eta semea ez dira batera izango finalean, aita ez baitzen sailkatu.

Gazteak ari dira onenen artean lekua bilatzen

Aizkolari gazteak ari dira onenen artean lekua bilatzen, eta hori berri ona da. 40 urte pasata dituena Nazabal da, eta 30 urteen inguruan dabilena Rekondo. Larretxea gaztea, Erasun eta Saralegi 25 urtetik behera daude, eta hori berri oso ona da, beraiek izango baitira etorkizuneko txapeldunak. Ez dirudi azken hiruretako inork aurten txapela lortuko duenik, eta lortzen badute ezuste handia izango litzateke, baina garbi dago urte asko baino lehen beraiek izango direla sailkapeneko goiko muturrean. Rekondok ere gora egin nahi du eta saiatuko da finalean Nazabal estutzen. Euskal Herriko finalean ez da sartu, baino atzo garbi utzi zuen bertan ere lekua izan dezakeela.

J.L.