GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

2020


Aurten jaiotakoek 2020an seina urte izango dituzte. Horietako batzuek Bilboko kaleetan Espainiako piperpotoak, eta Espainiaren aldeko oihuak eta ereserkia entzungo dituzte, aparteko ezustekorik egon ezean. Oraindik umeak izango dira ikusi eta entzundakoaz jabetzeko. Gainera, ez dute jakingo San Mamesen Eurokopa jokatzeko erabakia 2014ko urtarrilaren 30ean PP, PSE eta EAJ alderdiek hartu zutela.

Horietako batek baino gehiagok, kale bazterretan, begi bistan izango duten La Roja-ren kamiseta erosteko esango diete gurasoei, eta lasai asko ikastolara joango dira. Eta horrela, poliki-poliki, nagusituko dira, eta egunerokoetan Espainiako Kopako finala, Espainiako bira, Eurokopa... inolako konplexurik gabe ikusiko dituzte. Eta inoiz taberna batean-edo, politikaren inguruan aritzen badira, ezin izango dute ulertu sasoi batean Euskal Herrian espainiar kultura horrek tripako mina eragiten zigula euskaldunoi.

Agian, Azkunak, Bilboko alkate Ibon Aresok eta... ezkutuko horiek zerikusi handia izango dute belaunaldi horretakoak horrelakoak izan daitezen. Guk, gaztetan, horrelakoei zera esaten genien: «No son más españoles porque no se entrenan».

Bilbo laborategi bat da eskumarentzat, ezen espainiar kultura, baloreak... zabaltzeko aukera ematen duen. Horrek boto asko eman ohi du eta, nola ez, dirua.

Eskozian diruaren hotsak jende asko beldurtu omen du; beraz, bidea garbi dute: poli-poliki, berriro, autonomiarantz, eta horretarako, ume-umetatik, belaunaldi berriak hezi.