GARA Euskal Herriko egunkaria

Dolua surf munduan

Atzokoa egun iluna izan zen Zarautzen. Surf egitera joan eta itota hil ziren bi pertsona. Halako tragediek itsasoak duen alde beltza agerian jartzen dute. Ez da jolasa. Neoliberalismoaren bandera hondartzetan iltzatu zutenek, alderdi politikoekin bat egin eta eskrupulurik gabe, tragedia hau ere beren interes politikoetarako baliatu nahian dabiltza. Ez dute lotsarik.


Ez dut inoiz ahaztu atzokoa bezalako egun gris batean Zarauzko hondartzan korronte batetik atera zuten gizon haren aurpegia. Aspaldi izan zen. Beranduago albistegietako aurkezle lanetan aritu zen Joseba Iriondok topatu zuen hondoratzera zioan gorpua. Bere surf taularen gainean jarri eta nola edo hala moldatu zen adineko gizona lehorrera ateratzeko. Hondartzan, sorosleek eginahalak eta bi egin zituzten gorputz puztua bere onera ekartzeko. Lerde berdea zerion, eta aurpegia more kolorekoa zuen. Momentu batean haren bihotz taupadak berreskuratzea lortu zuten, baina handik gutxira joan zen.

Ordutik, itsasoan bizia galdu dutenen kasu gehiago ezagutu ditut, baina beti gizon haren bisaia hanpatua datorkit burura. Jende asko lagundu dut uretatik ateratzen, noizbait maite ez dudan norbait ur lasterretan ikusi eta beste aldera begiratu dudala ere aitortzen dut, baina benetan tragedia bat gertatzen den arte ez gara konturatzen itsasoak dituen arriskuez.

Atzo bi pertsona hil ziren itota Zarautzen, aspaldi itzali zen gizon haren hilotza ikusi nuen eremu berean. Antza, bietako bat surf egiten ari zela txikota puskatu eta taula galdu ostean ito zen. Besteak, dirudienez, laguna erreskatatzera joan zenean galdu zuen bizia.

Sare sozialetan surf eskolek taulak alokatzerakoan duten erantzukizuna izan da eztabaidagai nagusietako bat, nahiz eta alokatutako taulekin ez zebiltzan. Alferrikako eztabaida da, ez legerik, ez araurik, ez betebeharrik ez dagoen herrialde batean baikaude; beraz eskolek nahi dutena egiten jarraituko dute, norbaitek negozioa egiteko ideia hoberik ez duen artean. Batzuek urteak daramatzagu hondartzen erregulazioan puntu garrantzitsuenetako bat, hain zuzen ere, taulen alokairuei dagokiena dela esaten, baina alferrik da.

Ez ditut unibertsalak maite, horregatik saiatzen naiz nire ikasleekin «beti» edo «inoiz» bezalako hitzen erabilera ekiditen. Txikotaz mintzo naizela, ordea, BETI esaten diet «ez duela axola atzeko edo aurreko orkatilan lotzen duten, baina uretan ez dutela INOIZ txikota askatu behar». Askotan ikusi dut kasurik egin ez didan jendea gorriak pasatzen.

Orain, neoliberalismoaren bandera gure hondartzetan iltzatu zutenek, surf taulen alokairuak libre eta baldintzarik gabekoak behar dutela diotenek, beren burua «munduko hiritar» eta «apolitiko» gisa aurkezten dutenek, etikaz ahoa bete hortz mintzo diren alderdi politikoekin bat egin eta eskrupulurik gabe, tragedia hau ere beren interes politikoetarako baliatu nahi dute. Erantzukizun osoa udalarengan jarri nahi dute eta erabiltzen hasi diren aitzakia merkea bezain koldarra da. «Errua udalarena da hondar berria isurtzeagatik».

Ez dute lotsarik. Ez dute inoiz izan. Dolua eta samina zer diren ulertzeko gai ote diren ere zalantza dut. Gauza bakarra espero dut, surf egiten ari naizela horietako bat itotzeko zorian ez topatzea, gogoz kontra lagunduko bainioke.