OCT. 13 2014 Surfa Cascais Billabong Pro 2014: Jadson Andre brasildarrak bere postua ziurtatu nahi du Top 32an Jadson Andre indarrean da. Hossegorren bigarren postua eskuratu zuen pasa den astean eta Portugalen PRIME txapelketa bat irabazi berri du asteburu honetan. Bitartean, urte amaiera gero eta gertuago dago eta tentsioa nabari da ASP zirkuituko lehiakideen artean. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA 2014ko ASP zirkuitua amaitzeko gero eta gutxiago falta da, eta lehiakideek azken indarrak ahalik eta postu hoberenean amaitzeko xahutzen dituzte. WCT mailan, batetik aurtengo titulu mundiala eskura dezaketen lehen bost lehiakideak daude, eta bestetik, rankingeko azken postuetan egoteagatik datorren urtean lehen mailan egoteko aukera gal dezaketenak aurkitzen dira. Bigarren mailan, WQS zirkuituko lehiakideak daude. Hauen artean, denetarik dago, baita WCT mailan lehian ari diren surflariak ere, baina guztiek helburu bera dute, alegia, datorren urterako WCT itzulian beren lekutxoa irabaztea. TOP 32-ra igotzeko, WQS rankingeko lehen postuetan egon behar da eta horretarako borrokan ari dira mundu osoko lehiakideak. WCT eta WQS txapelketen artean bada tarteko mailako txapelketa mota bat, PRIME kategoria deitzen dena. WQS txapelketek gehienez sei izar izan ditzakete, eta zenbat eta izar gehiago izan lehiaketak orduan eta puntu gehiago irabaziko ditu irabazleak. PRIME kategoriako txapelketek, ordea, sei izarreko WQS txapelketek baino garrantzi handiagoa dute; beraz, mundu mailako lehiakide onenek parte hartu nahi izaten dute. PRIME kategoriako azken txapelketa pasa den larunbatean amaitu zen Portugalen, Cascais Billabong Pro 2014. Aurten guztira zortzi PRIME txapelketa daude WQS zirkuituan eta Portugalgoa bosgarrena izan da. Irabazlea, WCT zirkuituko lehiakide bat izan da, Jadson Andre brasildarra, Hossegorren pasa den astean bigarren postuan geratu zen lehiakide bera. Astean zehar hiru metroko olatu zailetan lehian izan ostean, finalean olatuen altuerak behera egin zuen, eta baldintza garbiak ziren, ez zen haizerik eta metro bateko olatuak zeuden. Finalean Jadson Andre eta Stuart Kennedy australiarra izan ziren. Ez zen erraza olatu on bat hautatzen, uhin garbiak gerturatzen ziren Guinchoko kostaldera, baina itsasbehera zen eta olatuek ibilbide laburra zuten. Lehiakideek gehienez bi ariketa egiteko aukera zuten olatu labur eta borobiletan. Jadson Andre oso ongi ibili zen txapelketa osoan zehar. Bost txandetan lehen postua eskuratuta iritsi zen finalera. Baina sorpresa Kennedyk eman zuen, inork gutxik ezagutzen zuen surflaria izatetik PRIME kategoriako final batean egotera iritsi baitzen australiarra. Kennedyk sekulako txapelketa egin zuen, finalera iristeko Freddy Pattachia, Jeremy Flores eta Julian Wilson kaleratu behar izan zituen, WCTko lehiakideak guztiak. Orain astebete WQS rankingeko 70. postuan zen Kennedy, baina azken emaitza honi esker sekulako gorakada egin du, eta egun, 22. postuan aurkitzen da australiarra. Jadson Andre nabarmen nagusitu zen finalak iraun zuen artean, ez zion bere arerioari arnasa hartzen ere utzi, eta berea izan zen garaipena. Pozik, eskerrak eman zizkien portugaldarrei eta ikusleei: «Bikain sentitzen naiz. Ez dakit zer esan, oraindik txundituta nago. Eskerrak denei. Eskerrik asko Portugal!». Jadson Andre WCT zirkuituko rankingean 20. postuan aurkitzen da, beraz, ez dauka datorren urtean lehen mailan egongo den ziurtasunik, eta horregatik parte hartzen du Portugalgoa bezalako txapelketetan. Azken txapelketa honen aurretik Andre 8. postuan aurkitzen zen WQSko ranking orokorrean eta Cascaisen irabazi ostean WQS rankingaren buruan jarri da, beraz, bigarren ranking honetan lortzen ari den postuekin 2015eko TOP 32an bere postua ziurtatu nahi du. Oraindik beste hiru PRIME txapelketa izango dira urte sasoia amaitzeko eta atzo bertan munduko txapelketa hasi zen Supertubosen, Portugalgo Peniche eskualdean. Antza, bihartik aurrera itsaski bat sartuko da Atlantiko zabaletik eta lehen txandak egiten hasiko dira. Portugalgoa, WCT itzuliko azken-aurreko txapelketa izango da eta sekulako tentsioa dago. Izan ere, Gabriel Medinak txapelketa irabazten badu, munduko txapelketa bakarrik ez, urtean zehar lortutako puntuei esker 2014ko munduko titulua ere eskuratuko du, eta hala balitz, brasildar batek munduko titulua eskuratzen duen lehen aldia litzateke. Aritz Aranburu zarauztarra WCT zirkuituan dago aurten, munduko 32 lehiakide onenen artean, baina 30. postuan aurkitzen da, beraz, datozen bi txapelketetan sekulako emaitzak lortu beharko lituzke datorren urtean ere TOP 32an egoteko. Bestalde, WQS rankingean ere ez dago postu oso onean 38. postuan baitago. TOP 32an dauden lehiakide batzuek WQS rankingean lortutako emaitzei esker jarraitu ahal izango dute datorren urtean ere WCT zirkuituan, baina Aritzen kasuan oso zaila izango da lehen mailan mantentzea, bi rankingetan oraingoz dituen puntuak ez baitira nahiko lehen mailan lehian jarraitzeko. Hala ere, oraindik badu aukerarik, emaitza onak lortzen baditu.