OCT. 20 2014 Harri-zulatzea | Buruz Buruko Euskal Herriko finala Aldeak oso txikiak izan arren, Joseba Agirrek amaitu zuen txapela jantzita J.L. Joseba Agirrek irabazi zuen herenegun Bilbon jokatu zen Euskal Herriko harri-zulatzaileen finala. Bost bikote ziren eta ez zegoen faborito garbirik. Guztiak ere maila handikoak ziren eta edozein zen irabazteko gai. Amaieran horrelaxe zela ikusi ahal izan zen. Oskar Laso zen aurreko urteko txapelduna, eta txapelaren jabe izateak ematen zion faborito izateko eskubidea, baina horixe besterik ez. Finalean, ordea, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hori bai, emozioa gainezka izan zen; izan ere, aurreneko bi postuak zentimetro gutxi batzuen bueltan egon baitziren. Joseba Agirrek txapela lortzeko zazpi zulo eta 11,1 zentimetro egin zituen. Marka polita da; izan ere, gaur egun herri kirolen arteko kirolik zailenetakoa izango da hau. Oskar Laso, ordea, gainean izan zuen. Iazko txapeldunak ere oso lan ona egin zuen, baina zazpi zulo eta 8,8 zentimetro zulatu zituen eta txapela lortzetik bi zentimetro pasara geratu zen. Hirugarren posturako ere borroka izugarria izan zen, beste hiruren artean ere zentimetro gutxi batzuetako tartea baino ez baitzen egon. Iban Kalabozok osatu zuen podiuma; bere lana egiteko 6 zulo eta 12,3 zentimetroko marka egin zuen. Laugarren sailkatua, ordea gainean izan zuen. Eduardo Hidalgok 6 zulo erta 7,4 zentimetroko marka egin zuen. Azken lekuan sailkatu zen Gontzal Ruifrancosen lana ere oso ona izan zen; honek sei zulo eta 3,3 zentimetroko marka egin zuen, nahiz eta azkena amaitu.