OCT. 27 2014 ITSASOA Egutegi borobila Sandalia haien salmenta sustatzeko, marketin kanpaina bat jarri zuten martxan, eta jendearen begiradak erakartzeko, zer ipurdi eder bat baino gauza erakargarriagorik? Bikini modeloak Medano hondartzan dagoen Bahia hotelean bildu dira, bideo baten bitartez datorren urteko egutegian zein ipurdi anonimo aterako den erabaki dutela esateko. Surflari Ernegatua Askotan esan dut surf marken egutegiak ez direla batere praktikoak. Argazki politak dituzte, urdin koloreko ur gardenetan ateratakoak, urautsi desertuak eta olatu perfektuak. Surflariek biratzean marraztutako lorratzak edo airekoak egitean airean diren txiparrak. Irudi distiratsuek apaintzen dituzte surflarien egutegiak, urteko zein egunetan gauden esaten digutenak. Surflariak behar dituen oinarrizko datuak ematea ahazten dute ordea, eta horregatik, ilbehera, ilgora, ilbetea edo ilberria den jakiteko auzoko mekanikoaren egutegira jotzen du surflariak. Egutegi ederrak dira ordea, surflarientzat egiten dituztenak. Fernando eta Santiago Aguerre anaiek Reef marka sortu zuten 80ko hamarkadan. Argentinarrak izan arren, Kaliforniara jo zuten eta La Jollan eraiki zuten surflarientzako txankletak egingo zituen lantegia. Oinak estali ez baina lurzoru gogorretik babesten dituen sandaliak ezagutarazteko, horien salmenta sustatzeko, marketin kanpaina bat jarri zuten martxan, eta jendearen begiradak erakartzeko, zer ipurdi eder bat baino gauza erakargarriagorik? Zer zerikusi dute txankletek surfarekin? Eta ipurdiekin? Txankleta bat surf taula baten pareko dela esan daiteke, eta surfa hondartzarekin lotzen den heinean, oinetako arinekin ere harremana du. Horregatik, Reef markako txankletak ez dira igerileku baterako, horretarako Speedo markakoak eraman behar dira. Reef markako txankletak, olatu eta ipurdi ederrak dauden hondartzetarako dira. Ez da imajinazio handirik behar behatz potoloa gainerako behatzetatik banantzen duen oihal zatia eta bi ipurmasailak bereizten dituen tangaren artean antzekotasunak ikusteko. Bata bestearekin nahastera ere irits daiteke bat, ez duzu uste? Popako arraila ozta-ozta estaltzen duten «bikini modeloak» Ekuador, Brasil, Puerto Rico eta Panaman aritu dira argazkiak ateratzen eta, horren ostean, Kalifornia Behera jo dute. Han, Medano hondartzan dagoen Bahia hotelean bildu eta irudi gehiago hartu dituzte, bideo batekin datorren urteko egutegian zein ipurdi aterako den erabaki dutela esateko. Modeloen identitatea ez da ezagutzera ematen, ez dago garbi zergatik, baina Aguerre anaien irizpide finkoetako bat da hori. Pasa den astean John John Florence surflari hawaiiarrak 22 urte bete zituela eta, opari moduan, urriko hilari zegokion atsoa aurkeztu behar ziotela zioten txantxetan bere lagunek. Ni ere nire lagunekin gogoratu nintzen, eta begiratzean, mundua borobila dela gogora ekartzen laguntzen duen egutegi hori nori oparitu niezaiokeen pentsatzen hasi nintzen. Zorionak beraz, Peitxer, orain badakik hire urtebetetze oparia zein den. Ez Arantzazuko egutegirik, ezta Seaskakorik ere, aurten Reef-eko egutegi biribila. Bide batez, Freddie Mercuryk ere goraintziak emateko esan zidak, baina ez abesten zerura joan zen hark, benetakoak baizik, alegia, Aginagako sagardotegiko drag queenak.