NOV. 01 2014 Aizkora | Euskal Herriko Bigarren Mailako finala Kontuan hartzeko kirolariak izango dira Asteasun Txapartegi ez beste gazte guztiak izango dira finalean, denak maila handikoak. Jon LEUNDA Lehen Mailakoaren ostean, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala dator, eta honek ere sekulako ikusmina piztu du. Aizkolari gazteak dira denak, eta etorkizunean Lehen Mailan ere txapelaren lehian ibili beharko lukeenak ere bai. Gaur Asteasun neurtuko dira, 18.30ean. Gainera, hemendik hilabetera jokatuko dute apustua Azpeitian Mikel Larrañagak eta Eneko Otañok, eta hara begira ere jendeak ikusi nahi du bi aizkolariak nola dauden. Kontuan hartuta apustua prestatzen ari direla, txapela lortzeko bi faboritoetakoak dira. Horiekin batera Ugaitz Mugertza agertzen da. Hiru hauek izan ziren kanporaketako hiru onenak ere. Horiekin batera Aratz Mugertza, Arkaitz Jauregi eta Luix Txapartegi arituko dira. Aizarnakoa da eskarmenturik gehien duen aizkolaria. Berak urte asko eman ditu Lehen Mailan, eta baita final ugari jokatu ere. Orain ere gorako bidea egin nahi du, eta honelako saio garrantzitsuetan eskarmentua izateak ere garrantzi handia izaten du. Mikel Larrañaga da irabazteko faboritoa. Kanporaketako onena izan zen, eta itxura aparta eman zuen. Gainera, Gipuzkoako Lehen Mailako txapela ere irabazi du, eta ondorioz faborito bihurtzen da. Kontuan hartuta aurreneko biek lortuko dutela maila nagusian jokatzeko txartela, azpeitiarrak igo beharko luke. Ugaitz Mugertzak lortu zuen bigarren postua, eta aurten Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela ere jantzi du. Mutrikuarrak ez dauka aurrera begira apusturik, baina beti ongi egoten den horietakoa da, eta faboritoen zerrendan sartzen da. Eneko Otaño da finaleko gazteena. 20 urte bete berriak ditu Beizamakoak, baina agian azken urte hauetan gorantz gehien egin duen aizkolarietako bat ere bada. Hirugarren izan zen kanporaketan, eta apustua prestatzen ari dela kontuan hartuta, datorren urtean Lehen Mailan aritzeko beste faboritoetako bat ere bada. Orain bi urte gazte mailakoan ari zen jokatzen, eta aurten maila nagusitik oso gertu agertzen da. Arkaitz Jauregik lortu zuen laugarren postua kanporaketan, eta beretzat ere lehen parte hartzea da final honetan. Bere helburua beteta dator finalean arituko den arabar bakarra. Aratz Mugertzaren helburua ere finalean sartzea zen, eta hori lortuta ezustea ematera joango da. Mugertzatarren sendiko gazteena ere maila onekoa da, eta saiatuko da besteak estutzen. Luix Txapartegi da beteranoena, eta duen eskarmentuarekin adi ibili beharko da. Hasieran ez da faboritoen artean agertzen, baina kontuz berarekin. Lehen Mailakoan bezalaxe, Bigarrengoan ere ez da aizkolari nafarrik sartu finalera.