GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Newquaykoa susto bat baino zerbait gehiago da, lau pertsona hilda asteburu bakar batean

Surflari orok ditu kontatzeko sustoak, eta izan daitezela, sustoak hortxe geratzen baitira, izualdien kaxan, kontatzerik ez dagoenean, ordea...


Ez zen gozoa izan pasa den astea Ingalaterra hego-mendebaldean. Asteburu batean lau pertsonak galdu zuten bizia Newquayko uretan. Larunbat goizean 23 urteko mutil bat hil zen itota Newquayko hondartzan. Igandean berriz, hiru surflarik galdu zuten bizia eskualde berean den beste hondartza batean (Mawgan Porth Beach).

Antza, korronteak eraman zituen lau gaztetxori laguntzera gerturatu ziren hiru surflariak, azkenean helikoptero bidez erreskatatu behar izan zituzten guztiak eta ospitalean hil omen ziren 42 eta 52 urte bitarteko hiru lagunak.

Komunikabideetan «surflariak» zirela diotenean ez dago garbi surf taulekin zebiltzan, bodyboard taulekin edo olatuak hartzeko beste edozein tresnarekin, surfak, modalitate anitz barnebiltzen baititu bere baitan. Halakoetan gertatzen den moduan, ez dago garbi zer gertatu zen, kontua da hiru surflarik bizia galdu zutela.

Hemezortzi urte nituela hondartza haietako batean izan nintzen Europako txapelketan parte hartzen Euskal Herriko selekzioarekin. Olatu handiak ziren, eta itzelezko haizea egiten zuen. Lehiakideok hondartza ondoan zegoen murru batean hartzen genuen babes. Soilik Israeleko taldekideak hurbiltzen ziren urertzera haien aberri kideei babes ematera. Goitik beherako buzo beltzak eta hiru zulodun kaputxa zeramaten, eta haien arduraduna zen metro eta erdiko emazte argal baten aginduak zorrotz betetzen zituzten.

Kontua da, hondartzaren eskuinaldean, haitzak gorantz ateratzen ziren eremu hartan amaitu nuela kontrako bidean hartu nuen olatu baten ostean. Ingelesek munduak bere amaiera iragarri eta aurrera itsaso zabala baino ez zuen azken eremua zela uste zuten antzina. Eta han nenbilen ni itzulbiraka munduaren amaieran.

Apar zuriak nonahi, haitz zorrotzak inguruan, eta itsaslabarrak parean. Handik ateratzeko mendebaldera jo beste erremediorik ez nuen eta indar guztiak xahutu nituen hondartza zen aldera arraun eginaz. Behin, parean, harrizko horma baino hondartza eta berau inguratzen zuen golf zelai berdea ikusi nituenean lasaitu nintzen. Apar bat hartu eta segundo gutxitan lehorrean nintzen.

Jada hogei minutu ziren nire txanda amaitu zela, hurrengo txanda amaitzear zen, eta laster itsasoratu behar zuen beste txandako kidea soinean neraman likra urdinaren bila zebilen. Berak kendu zidan likra.

Inork ez ninduen ikusi larrialdi egoeran, ezta israelitek ere, eta gainera entrenatzailearen errieta entzun behar izan nuen txanda pasatzea lortu ez nuelako. Susto bat gehiago izan zen. Surflari orok ditu kontatzeko sustoak, eta izan daitezela, sustoak hortxe geratzen baitira, izualdien kaxan, ezerezean. Sustoa kontatzea ezinezko bihurtzen denean ordea, albiste bilakatzen da eta ezin norberak kontatu berea den istorioa...