GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bilduk TTIP herrien burujabetzaren aurkako erasoa dela salatu du

EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristiren ustez, Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoak multinazionalen interesak defendatzea du helburu, «ingurumena, osasungintza publikoa eta langileen eskubideak babesten dituzten legediak desagerraraziz. Halaber, herrien subiranotasuna deuseztatzeaz gain, herritarrei zerbitzu publikoak eta eskubideak bermatzeko instituzioek legeak egiteko duten gaitasuna desagerraraziko luke».


TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoak (Europa eta Amerikako Estatu Batuen artekoa) «herrien subiranotasuna amaiaraztea» du helburu. Horixe salatu zuen atzo EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik. Lankidetza akordio horrek, hain zuzen ere, ingurumena, osasungintza publikoa eta langileen eskubideak babesten dituzten legediak arriskuan jartzen dituela ohartarazi zuen.

«Hitzarmen honen helburua ez da merkataritza alorrean izan diren bestelako hitzarmenen parekoa. Hau da, ez da merkantzien inportazio edo esportaziorako akordioa. Akordio honen helburua `merkatuak bateratzeko' gaur egun bi aldeetan egon daitezkeen `egoera' eta `araudi' ezberdinak desagerraraztea da», azaldu zuen Bilbon emandako prentsaurrekoan.

TTIPi aurre egiteko abenduaren 9an Bruselan «Hiritarron merkataritza agenda baten alde» izenburupeko konferentzia antolatuko dute. Bertan izango da EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matute, atzoko agerraldian ere izan zena. «Akordio honen aurka eta jendarte eredu justuago baten alde lanean ari direnen elkargune izatea da konferentzia honen helburua, multinazional handiek gobernuek baino botere handiagoa izango duten jendarte baten alde daudenen elkargunea», nabarmendu zuen Juaristik.

Eurodiputatuak TTIP akordioa egungo eredu ekonomikoaren «adierazle argienetarikoa» dela ere azpimarratu zuen. «Hiritarren kontra eta enpresa handien alde aldatzen dituzte legeak. Eta Europar Batzordeko lehendakariak -Jean Claude Juncker- eman digu adibiderik argiena», gaineratu zuen.

Gaizkileek gorbata daramate

Azaldu zuenez, «Batzordeko lehendakariak ez zuen jakin Luxenburgoko Finantza ministroa zelarik, estatuak 300dik gora multinazionalekin EBko beste estatuetan zergak ez ordaintzeko mekanismoa adostu zuela. Esan dugu, eta berriro diogu, gaizkilerik handienak ez daude Lanbideko ilaran, gorbata daramate eta gure subiranotasunaren desagerpena adosten ari dira».

Euskal Herriari dagokionez, Juaristik instituzioek herritarrei zerbitzu publikoak eta eskubideak bermatzeko legeak egiteko duten gaitasuna defendatu zuen, eta TTIPen kontrako borroka beste borroka batzuekin lotu behar dela ohartarazi zuen, frackingaren kontrako borrokarekin, langileen eskubideen aldeko borrokarekin eta beste gizarte eredu baten aldeko borrokarekin, esate baterako.

Izan ere, berak azaldu zuenez, «TTIPek murrizketen eredua, askoren miseria, gutxi batzuen aberastasuna ziurtatzeko erabiltzen duen eredua irudikatzen du». Amaitzeko, koalizio subiranistak hitzarmen honen eta «irudikatzen duen ereduaren kontra» borrokatzeko prest dauden eragile politiko, sindikal eta sozial guztiekin jarduteko prestasun osoa daukala adierazi zuen.

Gonbita

EH Bilduko eurodiputatu Josu Juaristik abenduaren 9an Bruselan egingo den konferentzian parte hartzeko gonbita helarazi zien atzo Euskal Herriko gizarte mugimendu eta sindikatuei.