GARA Euskal Herriko egunkaria
Afizionatu mailako proposamen berritzailea

Kluben arteko Nazionala, gabeziak betetzeko bidean

Zortzi talde arituko dira, elite mailan, lau eta erdian, binaka eta buruz buru, abenduan jokatuko den lehian.


Pilotak, batez ere afizionatu mailakoak, dituen gabeziak asko direla jakinik -antolaketarik eza, txapelketak antolatzeko zailtasunak, babesleen gabeziak, pilota eskola kiroletik kanpo geratu izana, pilota aukeratzen duten umeen kopuruak behera egin izana-, hutsune horiek bete nahian dator Kluben Arteko Txapelketa Nazionalaren lehen edizioa, hilaren 28an Donostiako La Perlan aurkeztuko dena.

Txapelketa berritzailea izango da, orain arte sekula ez baita elite mailan, lau eta erdian, buruz buru eta binaka jokatu den kluben arteko txapelketarik antolatu. «Aspalditik buruan nerabilen nik ideia hau, federazioari antzeko zerbait egitea aholkatuta ere bai. Hemengo pilotari onenek Espainiako txapelketa jokatzen dute, beste talde batzuetara jokatzera utzita joanda; hori, berez, ez da legezkoa, baina nahiago izaten dute hor aritu Euskal Ligan baino», azaldu zion GARAri Xalton Zabalak, Amezketako Zazpi Iturri klubeko ordezkari eta txapelketaren antolatzaileak.

«Klubei dagokien garrantzia ere eman nahi diegu; behar-beharrezkoak dira heziketan. Beste kiroletan, futbolean esaterako, klubena da boterea, baina pilota horretan ere desberdina da. Klubek indartu beharra dute eta sinistuta nago, hauek indartuta pilota asko aldatuko litzatekeela», gaineratu zuen Iñaki Perez de Eulate pilotazaleak, txapelketa honetako beste bultzatzaileak.

Nazio ikuspegia

Hasieratik oso garbi izan duten beste zutabeetako bat naziotasuna izan da. «Zergatik `nazionala?' -izenarekin ere izan dute euren gorabeheratxoa-, ba guk pentsatzen dugulako gure kirol nazionala pilota dela, eta gure agintariek ahaztuta dutelako. Zenbait herritan eskola-kirolean beharrezkoa da saskibaloian aritzea, baina inori ez zaio pilotan aritu behar dutenik burutik pasatzen», kexu da Zabala, Amezketan lau pilotaleku daudela gogoraraziz.

Horiek horrela, herrialde bakoitzeko talde bat sartu beharra oso argi izan zuten, Iparraldearekin egin beharreko salbuespenak kontuan izanda. Antolakuntza prozesu osoko arazorik handienak, ordea, taldeak aukeratzeko garaian heldu zitzaizkien, «zalantzarik gabe».

Izan ere, egutegia ere ez da ona eta iragarle berri batzuen beharrak asetzearren eta gainontzeko txapelketa garrantzitsuekin ez kointziditzearren, Euskal Liga urtarrilean hasiko da, lehen edizio hau hilabetera mugatu behar izan dute eta zortzi taldek -Adiskide (Galdakao), Zaramaga (Gasteiz), Uharte, Bera, Zazpi Iturri (Amezketa, Aurrera Saiaz (Tolosa- Bidegoian),Usurbil eta Iparralde- baino ez dute parte hartuko.

«Badakigu batzuekin gaizki geratu garela, parte hartzeko esperantza zutela, baina egoerak behartutako erabaki bat izan da», desenkusatu da Zabala. Hori bai, irakurketa baikorrik ere badu honek, interesa behintzat piztu duelako. Gauzak horrela, datorren urteari begira izen ematea librea izango da. «Logikoena izen ematea irail aldera zabaltzea izango da eta gero, izena ematen dutenen arabera, zortzi onenak geratu arte, kanporaketak antolatzea, klub bakoitzaren etxean jaialdi bat jokatuz. Azken fasea, hori bai, herri batean izango litzateke baina ez du zertan, aurten bezala, Amezketan izan».

Jaialdia

Giroa berotzen hasteko, jaialdi bat antolatu dute abenduaren 8rako Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Lau eta erdian Peña eta Peru Labaka afizionatuak ariko dira; buruz buru, Irribarria eta Errandonea; eta binaka, Altuna III.a-Urruzola eta Jaka-Tolosa profesionalak.