GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora | Txapeldunen Liga

Aitzol Atutxak bere eskuetan dauka txapela

Bizkaitarra Ugaitz Mugertzarekin neurtuko da azkeneko jardunaldian, gaur, 12.00etan, Elgoibarren.


Urrezko Aizkorako Txapeldunen Liga erabakita geratuko da gaur, Elgoibarren, 12.00etatik aurrera Sigmako probalekuan bukatuko baita. Azkeneko jardunaldi honetan Mugertza II.a eta Atutxa II.a lehiatuko dira.

Atutxak bere esku dauka txapela; izan ere, gaur garaipena lortuko balu, ez dio inori begiratu beharrik izango, garaipena lortuta joango baita etxera. Gaur Mugertza II.ak irabaziko balu, txapela Rekondorentzat geratuko litzateke.

Leitzarra egongo da gaur Elgoibarren zer gertatzen den ikusteko gogoz, eta, dudarik gabe, mutrikuarraren alde egongo da, haren garaipenak bakarrik balioko baitio berari txapela lortzeko. Lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu, eta onena duenak lortuko du garaipena.

Atutxa da irabazteko faboritoa. Bizkaitarrak lortu berri du Euskal Herriko txapela, eta zaila dirudi bera menderatzea. Hala ere, lan labur hauetan edozer gerta daiteke. Mugertza II.a ere bikain moldatzen da, eta estutuko du Aitzol.

Adituen ustez, zaila izango da azkeneko probara arte, iraupen probara arte, saioa erabakitzea. Horretara arte lan laburrak izango dira, tartean zutikako enborrak ere bai, eta lan horietan oso ongi moldatzen da mutrikuar gaztea. Dena dela, ez dirudi alde handiak izango direnik, eta seguru asko ere bi aizkolariek oso norgehiagoka ona eskainiko dute.

Gaurko saioan ez da txapela bakarrik erabakiko; izan ere, abenduaren 7an Orion jokatuko den Txapeldunen Ligako Kopako finalerako txartelak ere Elgoibarren geratuko dira erabakita. Saioa Atutxak irabaziko balu, bizkaitarrak txapela lortzeaz gain, Koparako txartela ere lortuko luke, eta berarekin batera Jon Rekondo eta Ander Erasun ere han arituko dira.

Gaur garaipena Mugertza II.ak lortuko balu, Atutxa txapelik gabe uzteaz gain, Kopako finaletik kanpo ere utziko luke; izan ere, Rekondo, Erasun eta Mugertza II.a lehiatuko dira.

Horrekin, gaurko garaileak Koparako txartela ziurtatuko luke, eta galtzen duenak kanpoan geratu beharko du; izan ere, Jon Rekondok eta Ander Erasunek Orion egoteko eta aritzeko bidea egina eta ziurtatua daukate dagoeneko.

Aizkolari gazteek euren lekua topatu dute onenen artean, eta lehiaketa hau ere horren froga da, gazte jendea ari baita jokatzen, eta kopan ere horrelaxe izango dira. Zaleak, gainera, gazteak ikusteko gogoz daude, eta Elgoibarko Sigmako probalekuko harmailek sarrera bikaina izango dute.