DEC. 01 2014 Aizkora | Txapeldunen Liga Aitzol Atutxak ez dio txapelari ihes egiten utzi Bizkaitarrak ezin izan zuen azkeneko lanera arte Ugaitz Mugertzaren aurkakoa erabaki. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak irabazi zuen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azkeneko jardunaldia, eta horrekin batera, baita txapela ere. Gainera, Jon Rekondorekin eta Ander Erasunekin batera jokatuko du Txapeldunen Ligako Kopako finala. Atutxak irabazi beharra zeukan txapela lortzeko, bestela garaipena Rekondok eramango zuen. Leitzarra atzoko emaitzaren zain zegoen, baina ez zen ezusterik izan, eta bizkaitarrak lortu zuen garaipena, nahiz eta Mugertza II.ak estu hartu zuen aizkolari faboritoa. 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren aurreneko lanean, eta hor Aitzolek alde nabarmena atera zion, 37 bider bota baitzuen, eta bederatziko aldea atera zion Mugertzari. Bigarren lanean, bakoitzak 45 ontzako bat erdibitu behar izan zuen erlojuz kontra. Minutu eta 55 segundo behar izan zituen Atutxak bere lana amaitzeko eta hiru segundo gehiago, Mugertza II.ak. Hirugarren saioan, berriro ere 45 ontzako enborra izan zuten aurrean, baina horretan, zutik, eta berriro ere bizkaitarra gailendu zen. Bi minutu eta segundo bat behar izan zuen Aitzolek bere lana bukatzeko, eta Ugaitzek, berriz, hiru segundo gehiago. Hiru ekinaldi amaituta, Atutxak 15 segundoko abantaila zuen bere alde. Laugarren lanean, gipuzkoarrak aurka zuen aldeari buelta eman, eta aurretik jarri zen. 60 ontzako enborra ebaki behar izan zuen aizkolari bakoitzak. Mugertzak 3 minutu eta 15 segundo behar izan zituen berea egiteko, eta 26 segundoko aldea atera zion Atutxari. Horrekin, hamaika segundo aurretik jarri zen aizkolari mutrikuarra, norgehiagoka amaitzeko bi lan falta zirenean. Bosgarrengoan, berriro ere Atutxa aurretik jarri zen. 45 ontzako zutikako enbor bat eta etzaniko beste bat izan zituzten lanerako. Hiru minutu eta hiru segundo behar izan zituen Atutxa II.ak bere lanak amaitzeko eta hamabi segundo gehiago, Ugaitz Mugertzak. Iraupen proba bakarrik falta zen saioa bukatzeko, eta Atutxa segundo bat aurretik zegoen. Lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen bakoitzak dena amaitzeko. 10.33 izan zen bizkaitarren denbora, eta 11.08, berriz, Ugaitz Mugertzarena. Lan guztiak bukatzeko 21 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, eta 22 minutu eta 26 segundo, Ugaitz Mugertzak, eta horrela bizkaitarrak Txapeldunen Liga bereganatu zuen. Txapeldunen Ligako Kopa izango da orain bizkaitarraren erronka nagusienetakoa.