DEC. 06 2014 49. Durangoko Azoka 2014 Eskaner bat emakumeei eta euskal literaturari: ikertu eta erakutsi Emakumea eta euskal literatura. Durangoko Azokako lehenengo gogoeta, horratx. Ideiak botatzen, letretako zenbait «dinosauro»: Gema Lasarte, Yolanda Arrieta eta Josune Muñoz. Literatura erakusteaz, egindakoa ikertzeaz eta sortzaile berrien hauspoaz aritu ziren, oro har. Ariane KAMIO DURANGO Emakumeak eta euskal literatura. Bikote famatua, eta «nazkatua». Ohikotzat jotzen da emakumeak esparru horretan duen jarduna eta onartua da emakumeak letren munduan duen tokia. Gaur egun egoera «normaltzat» har daiteke, baina ibili, asko eta asko ibili behar izan da gaudeneraino heldu arte. Gogoeta horri heldu zioten atzo Durangoko Azokan Josune Muñoz, Gema Lasarte, Jasone Osoro eta Yolanda Arrietak. Euskal literaturaren «dinosauro» gisa, emakume «dinosauro» bezala, ikusten dute euren burua. Osoro da gazteena, baina gainerakoak letren munduan bidea urratu eta urratu aritu diren sortzaileak dira. Eta haien bizipenak eta garapenaren inguruko analisiak bilakatu ziren hizketagai. Anekdota gisa, Landako Guneko Areto Nagusia emakumez josita egon zen. Soilik hiruzpalau gizonezko, askoz gehiago ez. «Sortze prozesuan bizirik» sentitzen da Arrieta. Ez soilik barrutik ateratzen duenetik, besteek egiten dutenetik ikasi eta aztertzen ere bai. Liburuak, emaitzak baino ez dira. «Bulkadak eramaten gaitu berbak idaztera eta hitz batek beste bat eskatzen du», esan zuen. Idazten hasi zenean, hura erakutsi beharra zegoela uste zuen Arrietak; erakutsi bai, irakatsi ez. Zuloen artetik pasatzen ikusten du euskal literatura. Zulo horien artetik pasatu da «Hegats» aldizkaria. 25 urte bete dira Euskal Idazleen Elkarteko argitalpen nagusia kaleratu zenetik eta, mende laurdena pasatuta, emakumeen letren jardunera murgildu da ale berria, monografikoa: «Emakumeak eta euskal literatura». Denboran atzera egin eta «dinosauro» haiek jarri dituzte berriro orri zuriaren gainean. Esperientzia gehiago dute, bizipenek jantzi dute euren jakintasuna, eta egun ez dira beraiek bakarrik literaturara munduratu diren emakumeen izenak. «Egunero lau emakume belaunaldi desberdin dago literatura sortzen», azpimarratu zuen Josune Muñozek. «Une honetan, nik neuk eskertzen dut edadeak ematen dituen hainbeste ikuspuntu ezberdin euskal literaturan ikusi ahal izatea. Belaunaldi berriekin identifikatzeko aukera ere ematen dit. Adin ezberdinetako emakumeak literaturan lanean eta beste era batean irakurtzeko aukera berria eta luzea izatea espero dut», adierazi zuen. Gema Lasartek ere parte hartu du «Hegats» aldizkariaren monografikoan eta bera, maskulinitatearen irudira gerturatu da. Literaturan, gizartean oro har gertatu behar lukeen moduan, berdintasunaren bila abiatu zen. Bere iritziz, gizonen jarrera aldaketa batek ekarriko du parekotasun benetakoa. Tartean, baina, bidea urratu behar. Emakume idazleek sortzen zituzten pertsonaia maskulinoez aritu zen orain 27 urte argitaratu zen «Jakin»-eko alean. Kasu honetan, ordea, irauli egin du ikuspuntua eta gizonezkoek sortzen dituzten maskulinitate berriez jardun du. Ildo horretan, ideia nagusi bat: «Emakumeak dira aldatu direnak eta gizonezkoak immobilismoan jarraitzen dute». Hala, berdintasuna bide, norabide horretan kokatu zituen Lasartek etorkizuneko lorpenak. Lau emakume belaunaldi sormen lanetan baina, oro har, ezaguna al da iragan urruneko zein hurbileko lan literarioetan dagoena? Ezezkoan ziren gehienak eta, bide horretan, ikerketaren beharraz mintzatu ziren, batez ere Gema Lasarte, unibertsitatean lan horietan diharduenak. Zorionez, baina, egun inoiz baino egile, izenburu eta lan femenino gehiago ditu euskal literaturak. Akaso inoiz lortu ez den panorama teoriko zein praktikoa sortu da gure begien aurrean. Letren plaza gero eta irekiagoa da. IKERKETA Gema Lasarte idazle eta irakaslearen aburuz, ikerketak gero eta ugariagoak dira orain eta egiten diren «erresonantziak» gero eta sakonagoak dira. IDAZLE BERRIAK. Emakumezko sortzaile berrien osasun ona nabarmendu zuten. Laster, gainera, 17 autore emakumeren lanak bilduko dituen argitalpena plazaratuko du Renoko Unibertsitateak.