DEC. 06 2014 sokatira Lauko 300eko finalean izan nahi duenak azkeneko aukera izango du Muruetan J.L. Muruetan jokatuko da Euskal Herriko Txapelketako Lauko bigarren jardunaldia 300eko mailan. Saio horretan argituko da, gainera, zein taldek jokatuko duten datorren larunbateko finala. Muruetako ekinaldia 11.00etan hasiko da. Ñapurrak, Sokarrola, Ibarra, Baigorri, Murueta eta Atzera taldeak izango dira aurrez aurre. Lehen multzoan, Baigorrik irabazi zuen aurreneko jardunaldian, eta bere atzetik Ibarra sailkatu zen. Badirudi bi talde hauek lortu beharko luketela finalerako txartela. Atzetik berdinduta amaitu zuten Muruetak eta Ñapurrakek, eta ezusterik ez bada, bi hauetakoren batek jokatuko du finala, aukera gutxi ikusten baitzaizkie Sokarrola A eta Atzera taldeei. Beste multzoan, Urruña, Sokarrola B, Aguraingo, Txantrea eta Iparralde izango dira. Sokarrola B izan zen lehen jardunaldiko talderik onena, eta Iparralde eta Urruña sailkatu ziren lehen hiru postuetan. Badirudi hiru horien artean egongo direla finalean izateko txartelak, Txantreak eta Aguraingok maila askoz apalagoa erakutsi baitzuten lehen jardunaldian. Emakumezkoek, berriz, asteburu honetan jai izango dute, eta haiek ere azkeneko jardunaldia datorren larunbatean izango dute Ibarran, mutilekin batera. Maila honetan ere gauzak estu daude, nahiz eta Ibarrak izango duen txapela lortzeko aukerarik gehien. Eurak liga ari dira jokatzen, eta erregularrenak eramango du txapela. Gaztedi A taldea da oraingoz bere aurkaririk handiena, nahiz eta bi puntu gutxiago dituen.