GARA Euskal Herriko egunkaria
Europako Txapelketa

Otsoa eta Arancibia irabazle Mundakan

Bi euskal herritarrek irabazi dute 16 urtetik beherakoen Europako Txapelketa Mundakan, Ariane Otsoa bilbotarrak eta Len's Arancibia biarriztarrak.


Europako herrialde bakoitzean Groms Search itzulia egiten da eta leku bakoitzean lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Europako Txapelketan parte hartzeko pasea lortzen dute. Aurtengoan Mundakan izan da Europako gaztetxoen txapelketa, Grom Search Europe.

Biarriztar bat, bilbotar bat eta zarauztar bat izan dira nesken zein mutilen finalean Mundakan. Beraz, indartsu datoz gazteak gurean.

Txapelketan parte hartzen duten lehiakide guztiak 16 urtetik beherako gazteak dira. Beraz, etorkizuneko surflari onenak elkartzen dira. Aurtengoan, Mundakan egin dute gaztetxoen Europako Txapelketa. Abenduaren 10ean egin zuten, metro bateko olatuekin, eta kontinente zaharrean surfak etorkizunik baduela agerian geratu zen.

Txapelketa mota hau ibiltaria da, alegia, lehiaketa ez da beti leku berean egiten. Gainera, sekretupean gordetzen da urautsiaren izena. Egun batzuk lehenago jakinarazten zaie lehiakideei txapelketa non izango den.

Mutilen kasuan, Len's Arancibia Biarritzeko surflari gaztea izan zen txapelduna Mundakan. Bigarren postua Will Bailey ingelesarentzat izan zen. Hirugarren postuan zarauztar bat geratu zen, Lander Davila. Eta laugarren postua portugaldar batentzat izan zen, Jacome Correira.

Nesken kasuan ere euskal herritar bat izan zen irabazlea, Ariane Ochoa bilbotarrak eskuratu baitzuen txapela. Bere atzetik, bigarren postuan, Teresa Bonvalot portugaldarra geratu zen. Hirugarren postua Juliette Brice frantsesak eskuratu zuen. Eta laugarren postua Mariana Garcia portugaldarrarentzat izan zen.

Arancibia eta Otsoak munduko leku ezezagun batera bidaiatu beharko dute datorren ekainean. Bertan, beraiek bezala beste herrialdeetan garaile izan diren surflariekin batera Munduko Txapelketan parte hartuko dute.