DEC. 21 2014 HEMEROTEKA Urrats mugatua Jakes Goikoetxea Berria, 2014/12/18 Onartu behar zaio Barack Obamari -maila apalagoan Raul Castrori- hartutako erabakiaren garrantzia, ezinikusi historiko antzuak alde batera utzi eta bahimendua arintzekoa. Prozesuaren bukaeran bertan behera geratu beharko luke AEBen bahimenduak, baina horretarako Kubaren eta AEBen arteko 200 kilometro eskasak oraindik distantzia luzeegia dira Obama ahularentzat: bahimendua lege baten bitartez utzi beharko luke bertan behera, eta, horretarako, Kongresuaren babesa behar du; errepublikanoena, alegia. AEBetako bi alderdi nagusiak 2016ko hauteskundeei begira jarri dira jada, eta ez dirudi errepublikanoek uko egin nahiko dietenik Floridako erbesteratu kubatarren botoei. Eragin handikoak dira; ordezkariak dauzkate errepublikanoen artean, eta bozgorailuak dituzte beren ahotsa entzunarazteko. Hala ere, badira inkestak diotenak erbesteratu kubatarren artean parekatu samar daudela bahimenduaren aldekoak eta kontrakoak. Kubako Gobernuaren esanetan, bahimenduak 117.000 milioi dolarreko kostua (94.000 milioi euro) izan du Kubarentzat. (...) Baina Kubaren urteotako bahimenduak zerbait erakutsi badu, munduko herrialde aberatsen hipokrisia erakutsi du -AEBena nagusiki-: demokrazia lezioak ematen dizkiote Kubari, etxean eta kanpoan demokrazia eta giza eskubideak azpiratzen dituzten bitartean (...).