GARA Euskal Herriko egunkaria

Larunbatean abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Orotara hogeita hamar izango dira Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartuko duten bertsolariak, inoizko parte-hartzerik handiena lortuz. Larunbatean abiatuko da lehenengo final-laurdena Iruñean eta finala, aldiz, martxoaren 28an jokatuko da, aurten Elizondon.


Bertsoak harilkatzen hastear da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean abiatuko da, Iruñean egingo den lehen saioarekin. Hitzordua, Iruñeko Katakraken, arratsaldeko 17.30ean. Guztira bost final-laurden jokatuko dira, hiru finalaurreko eta azken finala. Aurten, berrikuntza gisa, lekualdaketa izango du txapelketako azken probak. Finala ez da Iruñean jokatuko, Elizondoko pilotalekuan baizik. «Gaur-gaurkoz ez dago txapelketako final bat Iruñean egiteko babes nahikorik eta bereziki egoera ekonomikoak behartuta finala lekuz aldatzea erabaki dugu», adierazi zuten antolatzaileek atzo egindako aurkezpenean. Zortzi bertsolarirentzako lekua izango da Baztango azken saioan, baina horra iritsi aurretik, bidean lan ugari egin beharko dute lehiakideek.

Aurtengoa inoizko parte hartzerik handiena izango duen txapelketa izango da. Orotara, 33 bertsolarik eman dute lehiarako izena. Horietatik seik lehen aldiz parte hartzen dute txapelketan eta iragan abenduan sailkatze kanporaketa bat jokatu zuten Iruñean. Saio hartan hiru bertsolarik -Iruritako Kotte Plaza eta Barañaingo Mikel Lasartek eta Sarai Roblesek- lortu zuten larunbatean Nafarroako hiriburuan hasiko den final-laurdenen txandarako txartela.

Final-laurdenetan, seina bertsolarik parte hartuko dute saio bakoitzean eta guztira hemezortzik izango dute finalaurrekoetarako sarbidea: final-laurden bakoitzeko lehenengo sailkatuak eta hamahiru puntuaziorik onenak, hain zuzen. Hortik, finalaurrekoetara. Bertan, formula berbera: seina bertsolari saio bakoitzean eta finalerako sailkapena irabazleen artean eta bost puntuaziorik onenak lortzen dituztenen artean erabakiko da.

«Bertsolaritza irakaskuntzan»

Nafarroako Bertsolari Txapelketa «urtean zehar egiten den lan isilaren fruitua dela» iritzi diote antolatzaileek. Nolanahi ere, lan horren alderdirik garrantzitsuena Nafarroako ikastetxeetan egiten den ekimena dela azpimarratu zuten, «Bertsolaritza irakaskuntzan» programa. Nafarroako Gobernuak finantziazioa kendu zion egitasmoari duela bi ikasturte, baina «udal eta mankomunitate askok erakutsi duten konpromisoari esker programa mantentzea lortu dugu, oso murriztuta bada ere».

Ildo horretan, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren «etorkizuna bermatzeko horren garrantzitsua» den programa berriro ere finantza dezala eskatu diote Nafarroako Exekutiboari.