FEB. 11 2015 Al-Assadek aldez aurretik izaten du AEBen bonbardaketen berri Baxar al-Assad Siriako presidenteak BBC telebista kate britainiarrari esan dionez, Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioaren bonbardaketen berri izaten du aldez aurretik, nahiz eta koalizioko kide ez den. «Informazioa badago, baina elkarrizketarik ez», dio Assadek. GARA Jeremy Bowen-ek, BBC kateak Ekialde Hurbilean dituen berriemaileen buruak, elkarrizketatu du Baxar al-Assad presidentea. Iazko irailean AEBek zuzendutako nazioarteko koalizio bat Siriako iparraldeko eremu batzuk bonbardatzen hasi zenetik, Estatu Islamikoaren aurkako borroka dela-eta, ez da sortu inolako kooperaziorik, Assaden arabera: «Ezin dugu horrelakorik egin eta ez dugu nahi, arrazoi sinple bategatik: terrorismoa sustatzen duten herrialdeekin ezin dugu aliantzarik sortu». Saudi Arabiari buruz ari zen siriarra, BBCk berak argitzen duenez. «Estatu Islamikoaren eta Al Qaedaren inguruko talde horien ideologia wahhabismoa da, Saudi Arabiako errege familiak sustatzen duena». Aire erasoen eraginkortasuna Siriak berak behin baino gehiagotan salatu izan du AEBek zuzendutako koalizioa, Damaskoko Gobernuarekin ez koordina- tzeagatik. Halere, Assaden erregimenak bonbardaketak onartu behar izan ditu, baina horien eraginkortasuna zalantzan ipinita. Presidenteak dio aire erasoek ez dutela lortuko jihadistak bereganatu dituzten eremuetatik kanporatzea eta horretarako Siriako Armadaren tropen laguntza beharko luketela. Analistek diote bonbardaketa horiei esker Siriako Armada aurka dauzkan beste talde armatuen kontrako borrokan murgildu ahal izan dela. Bestalde, Assadek BBCri esan dio gezurra dela bere indarrek lehergailuz betetako upelak helikopteroetatik oposiziokoen posizioen aurka botatzen dituztenik. «Mendebaldean etengabe errepikatzen den haurrentzako kontua da hori», dio agintariak. Bere ustez, siriar herria bere alde dago, eta upelak erabiliz gero, horrelakorik ez litzateke gertatuko. KAYLA MUELLER. AEBetako Gobernuak atzo baieztatu zuen Kayla Jean Mueller Estatu Islamikoaren esku zegoen kooperante estatubatuarra hil egin dela. Jihadistek esan dute Jordaniako Aire Armadaren eraso batean hil zela.