FEB. 12 2015 Izagirrek aurrekontuak erretiratu eta «ezetzaren blokea» salatu du Donostiako Udal Gobernuak erretiratu egin behar izan du bere aurrekontu parte-hartzaileen proiektua, oposizioak atea itxi diolako. «PSE-EAJ-PP blokearen» jarrera salatu du EH Bilduk, eta traben gainetik herritarren eskaerak aurrera eramango dituela agindu du. «Ezetzaren aurrean, baietza jartzen dugu. Blokeoaren aurrean, aldaketa», adierazi du alkateak. GARA Donostiako Udalak atzera egin behar izan du 2015erako aurrekontu parte-hartzaileen proposamenean, oposizioko hiru alderdiek, PSE, EAJ eta PPk, osoko zuzenketak aurkeztu baitizkiote. Juan Karlos Izagirre alkateak horien jarrera salatu zuen, «ez diotelako hiriari begiratzen, interes politikoei baizik». Hala, «ezezkoaren blokeak Donostiari kalte» egiten diola gaineratu zuen alkateak. Joan den larunbatean Atanon egindako kontu hartze eta emate ekitaldi irekian, aurrekontu hauetaz galdetu zioten, hain zuzen, Izagirreri, eta honako ideiak nabarmendu zituen: «Aurrekontuen %40a (20 milioi euro) prozesu parte-hartzaileetan jasotako eskaerei erantzuteko da. Portzentaje oso altua da, beste herrietan %10arekin jada parte-hartzeaz hitz egiten dute». Bestalde, aurrekontuak lantzen dituzten langileei agindu bat eman diete: «Aurkezten dituzuen datu horietan, bai ala bai azaldu behar dute herritarren proposamen hauek guztiek». Genero ikuspuntutik ere lan dezente egin da, era transbertsalean, sail guztiekin. Oposizioaren jarrera aurreikusiz-edo, hala azaldu zuen alkateak: «Ez badituzte aurrekontuak onartzen ere, horietan jasotako guztiek lehentasuna edukitzea eta aurrera ateratzen saiatzea da gure konpromisoa». Osoko zuzenketak aurkeztu zituzten alderdiek hainbat arrazoi eman zituzten horretarako, batzuk berdinak eta besteak ezberdinak: «Osoko zuzenketa aurkeztuko dugu aurrekontuak fikziozkoak direla eta Donostiaren beharretatik urrun daudela uste dugulako», agertu zuen PSEko Ernesto Gascok. «Fikziozko» inbertsioak eta «kapital sarrera faltsuak» aipatu zituen PPk ere, eta EAJko Eneko Goiak hala azaldu zuen bere alderdiaren ikuspuntua: «Aurrekontu hauen epea, sinesgarritasuna, jokabide politikoa eta partaidetzaren instrumentalizazioa izan dira arrazoiak». «Ez dute hiria geldituko» Alkateak, Jabi Vitoria Ogasun arduradunarekin batera, udal aurrekontuen luzapena iragarri zuen. «Hiria gelditzen saiatzea» leporatu zion oposizioari, horren zergatiaz galdetu zion, eta Donostia ez dela geldituko baieztatu zuen. Izagirrek penaz hartu zuen, besteak beste, krisi garaian soluzioak eman, kalitatezko zerbitzu publikoak babestu eta pertsonak erdigunean jartzen dituen aurrekontuak baztertu izana. Osoko zuzenketak. «Fikziozkoa delako» agertu dira proiektuaren kontra PP eta PSE. «Epea» eta «partaidetzaren instrumentalizazioa» aipatu ditu EAJk.