GARA Euskal Herriko egunkaria
HEMEROTEKA

CAN aitzaki, UPNk nahiago Madril Iruñea baino


UPNk maiatzeko hauteskundeak baino lehen gal dezake CANen hondamendiaren ondorengo azken botere zirrikitua, baina eutsi egiten dio, horretarako Madrilgo zentralismoaren makuluari heldu behar badio ere. Finean, gertakari berri hau bere historiaren ispilu da. Bat gehiago.

Non da orain gakoa? CANek banku fundazio izaera du egun eta horregatik, bere patronatuko kideak Nafarroako Gobernuak izendatzen ditu, hau da, UPNk. Nafarroako Legebiltzarrak, ordea, 2/2014 Foru Legea onartu zuen iaz, CAN Fundazioak banku fundazio izateko baldintzarik ez duela argudiatuz, eta horregatik fundazio arrunta izan behar duela arautuz. Horren arabera CAN Fundazioak bere estatutuak aldatu beharko lituzke, patronatuko kideen izendapena Legebiltzarraren esku gera dadin.

Espainiako Gobernuak Konstituzio Auzitegira eraman zuen foru legea, honek gobernu zentralaren eskumenak hartzen zituela iritziz. Otsailaren 15ean ezagutu zen Auzitegi Konstituzionalaren epaia, PPren Gobernuaren helegitea atzera botaz eta 2/2014 Foru Legea ontzat emanez.

Baina ez, Yolanda Barcinak eta bere gobernuak ez dute aintzat hartu nahi izan epaia eta Konstituzio Auzitegiaren epaiak ez diola CANen izaerari eragiten argudiatu dute, epaia fundazio arruntez ari delako eta CANekoa banku fundazioa delako.

(...) Miguel Izu parlamentari ohi, abokatu eta zuzenbide irakasleak artikulu argigarria idatzi du gaiaz eta bertan bi argudio sendo ematen ditu CAN Fundazioak arrunta izan behar duela argudiatzeko:

Bat: Estatuko 25/2013 Legearen arabera, banku fundazio izateko, bankuren batean bere kapitalaren %10 baino gehiago izan behar du. CAN Fundazioak Caixabankeko akzioen %1 besterik ez du.

Bi: Fundazioak bankuaren administrazio kontseiluko kideren bat aldatzeko ahalmena izan behar du. CAN Fundazioak ez du ahalmen hori. (...)

(...) dagoeneko oso argi ikusten da teorian foralista petoa den UPNko gobernuak nahiago duela oinarritu Madrilek egindako banku fundazioen legedian, bere Legebiltzarrak egindako legean baino. Beste hamaikatan bezala.